2003an errausketa-instalazioa eraikitzeko Txinzerrek erositako lur eremua da Hondarribiko Udalak erosi nahi duena.
Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer) 2003an erositako Zaldunborda eremuko lursail bat erosi nahi du Hondarribiko Udalak. Hala jakinarazi du Abotsanitz oposizioko lehen taldeak, eta, komunikabideei bidalitako oharrean azaltzen duenez, Txinzerrek negozioa egin nahi du sal-erosketa horrekin, “landa eremua lur industrial gisa salduz”.
Abotsanitzek salatu duenez, tasatutako prezioan erosiz gero, 800.000 eurotan erositako lur eremua %630eko igoerarekin salduko lioke Txinzerrek. “Lur eremu hori 2.003. urtean erosi zuen Txinzerrek 789.586 euroan eta gaur egun 5.000.000 euro inguruko balorazioa egin du beraiek kontratatutako tasazio enpresa batek. Beraz, datu horien arabera, %600 baino gehiagoko igoera izan du eremu horren balioak”, hamahiru urte hauetan.
Oposizioko lehen taldearen arabera, “puntu ilunak” daude operazioan, eta udalari eskatu dio proiektua “aldi baterako” geldiarazteko, salerosketa kontratu horren nondik norako guztiak argitu arte. Izan ere, udalak Txinzerreri erosi nahi dion lur eremua kutsaduraz garbitzeko 3,5 milioi euro inbertitu beharko dituela aitortzen den arren —salneurriko preziotik deskontatuko litzateke—, proiektuan ez dago Zaldunborda eremuko kutsaduraren gaineko informaziorik, Abotsanitzek erantsi duenez.

Errausketa-instalazioa eraikitzeko Txinzerrek Zaldunborda eremuan erositako eremua