Bidasoa Atletikoko irundarrak 300 metro falta zirela hartu zion aurrea, bigarren zihoanari.
Joan den asteburuan 100 kilometroko Espainiako Txapelketa jokatu dute Santanderren, eta Xabier Alonso irundarra bigarren geratu da, 7 ordu, 38 minutu eta 23 segundoko denbora egin ondoren. BAT Bidasoa Atletiko Taldekoa da.
BATek jakinarazi duenez, lehen aldia izan da proba horretan parte hartzen duela, eta emaitza bikainarekin, gainera. Erregularra izan zen lasterketa osoan zehar: hirugarren tokian egon zen ia denbora guztian, baina bukaeran, bigarren izateko aukerak zituela eta, horren alde borrokatu zuen. 300 metro baino falta ez zirela, aurrea hartu zion bigarrenari. Lehenak 7.23 orduko denbora egin zuen, eta hirugarrena Alonsorengandik 20 segundora iritsi zen.
Bestalde, asteburu honetan erkidegoetako federazioen arteko Espainiako Txapelketa jokatu dute, Alcobendasen (Espainia). BATeko bost atleta Euskadiko selekzioarekin aritu dira: Garazi Castañares, Teresa Errandonea, David Maldonado, Tamara Perez eta Teresa Zaragueta. Beste bi atleta, Clara Viñaras eta David Vadillo, Madril eta Extremadurako selekzioekin aritu dira, hurrenez hurren.
Emaitza onena Teresa Errandoneak lortu zuen 100 metro hesietan: bigarren tokia. Teresa Zaraguetak, bestalde, bere marka eta klubekoa hobetzea lortu zuen 400 metro extran: 56,89 denbora egin zuen.
Harrera, Hondarribiko udaletxean
Bihar, hilak 21, harrera egingo die Hondarribiko Udalak Ohorezko Mailara igotzea lortu duten BAT Bidasoa Atletiko Taldeko neskei. 19:00etan izango da, udaletxean.

Xabier Alonso (ezkerretik hasita, lehena) podiumean.