Emeki elkartearen arropa bilketaren kontakizuna egingo dute asteazken arratsaldean Itsas Etxea Auditoriumean. Hondarribitik Greziara joandako boluntarioek errefuxiatuen partetik eskertza egingo diote herriari.
Hilaren 22rako jarri dute hitzordua, asteazkena da. Egun horretan egingo dute abenturaren kontakizuna herrian, Hondarribitik Greziara kanpainan bizitutakoak herritarrekin konpartitzeko unea iritsi da.
Emeki emakumeen elkarteak abiatu zuen martxoan errefuxiatuentzako arropa bilketa, eta hasieratik jakinarazi zuen gerora kontakizuna egin beharko zela. Horregatik, udalaren laguntzaz, esker emate ekitaldia ari dira prestatzen, eta Itsas Etxea Auditoriumeko harmailak bete nahi dituzte. Emekik boluntarioen lana eskertu nahi du, eta boluntarioek, errefuxiatuen izenean, erakutsiriko elkartasuna eskertu nahi diote herriari.
Itsas Etxea Auditoriumak jasoko du kanpaina ixteko ekitaldia. Heldu den astelehenean prentsaurrekoa emango dute Emekik eta udalak, eta bertan azalduko dituzte asteazkeneko ekitaldiaren gaineko xehetasunak, baina zalantzarik gabe, ekitaldiko tarte nagusia boluntarioen parte hartzea izango da. Katsikaseko errefuxiatuen kanpalekuan arropa banatu zutenekoa partekatuko dute, hitzez eta argazkiz.
Denetik egin dute
Maiatzaren 2an iritsi ziren kamioiak Katsikasera, goizez. Egun horretan atera ziren sei emakumeak Loiutik. «Hondarribian bildutakoa iritsi eta ondo banatzen zela bermatzera joan ginen Greziara», adierazi du Izaskun Eizagirrek, eta muturreraino eraman zuten, arropa familien artean eskuz esku banatzeraino.
Beste kanpalekuetan ere banatu da Hondarribian bildutako materiala eta beharra duten greziarrei ere iritsi zaie, Katsikas herritik zazpi kilometrora dagoen Ioannina hiriko zenbait auzoetan antolatutako ekintzen bidez.
Arropa banatu zuten, baina hori bakarrik ez, gauza gehiago egin zuten Katsikaseko bost egunetan. Boluntarioen biltegia txukundu, azpiegiturak eraikitzen lagundu, jaioberriak bainatu, haurrei zorriak kendu, beraiekin jolastu, scooby-doo eskumuturrekoak egiten irakatsi… «ia denetarik egin genuen Katsikasen», erantsi du Eizagirrek. Inoiz ere ahaztuko ez duten esperientzia izan zen hondarribiarrentzat.
Gipuzkoan nahi dituzte
Bost egun egin zituzten boluntarioek Katsikasen. Errefuxiatuekin harreman handia izan zuten, eta haien dramarekin ukituta bueltatu ziren. «Esperientzia oso gogorra izan da eta ukituta itzuli gara —esan du Marije Zapirainek—, ezin ditugu han utzi, abandonatuta». Horregatik, bueltan, zerbait gehiago egitea erabaki zuten.
Batetik, material gehiago biltzen ari dira, eta aste honetan bertan beste kamioi txiki bat bidali dute zenbait altzarirekin: «Bidalketak egiten jarraitu nahi dugu», adierazi du Maite Garciak. Los Olvidados erakundearen bitartez hilero trailer bat aterako da Madrildik Katsikaserantz, eta aldiro zerbait bidaltzea espero dute hondarribiarrek. Une honetan ludoteka, liburutegia eta joste tailerra prestatzen ari dira boluntarioak Katsikasko kanpalekuan, eta zerbitzu horietarako materiala bildu nahi dute hurrengo asteetan. Baina hori ez da orain duten borroka bakarra.
Herenegun, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten Hondarribiko boluntarioek. Gipuzkoara etorri behar duten errefuxiatuen gaia lantzeko ponentzia sortu dute erakunde horretan, eta bertan euren esperientzia kontatu zuten sei emakumeek eta Grezian egon zen Hitzako kazetariak, argazkiez lagunduta. Harrera ezin hobea jaso zuten. Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak eskerrak eman zizkien egindako lanagatik, eta «albistegietan ikusten ditugun errefuxiatuak beste modu batera» erakusteagatik: «Gertu-gertutik sentitu ditugu, aurpegia jarri diezue, bertaratu dituzue».
Abentura desberdina izan da Hondarribitik Greziarainokoa, eta herenegungo aurkezpena ere ezohikoa izan zen. «Katsikasetik indartsu itzuli gara, errefuxiatuek energia eman digute», aitortu zuen Zapirainek. Batzar Nagusietan ausart jokatu zuten. Katsikasen muturreko egoerak bizi dituzten hamabost familien zerrenda aurkeztu zuten, azken asteetan bildutako dokumentazioarekin batera: pasaporteak, Greziako sartze agiriak, txosten medikuak, argazkiak…: «Jende zoragarria da, haien herrialdera itzultzeko aukera eduki arte Gipuzkoara etorri nahi dute. Baina denbora agortzen ari zaie».
Herrialdera ekartzeko eskaera jarri zuten mahaiaren gainean hondarribiarrek, eta ordezkari politikoen arreta piztea lortu zuten.
Arropa bildu, eraman, banatu eta kontatu. Hori zen helburua Emeki elkarteak arropa bilketa abiatu zuenean. Baina asmo hori dagoeneko labur geratu zaie, gehiago nahi dute. Zirkulua ixteko beste urrats bat eman nahi dute, gaixo larriak dituzten Katsikaseko familientzat errefuxiatu estatusak lortu. Berandu baino lehen nahi dituzte gure artean, eta beharrezkoa balitz, haien bila joateko prest daude.
Emekik Hondarribitik Greziara egindako bidaia solidarioaren berri emango du. (Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)