Ander Elosegi: "Helburua domina da"
Olinpiar Jokoetan hirugarrenez lehiatuko da Ander Elosegi. Sasoi oso onean dago, eta dominaren bila joango da Riora, baina batez ere, bere maila ematera.
Ez dauka zerikusirik beste txapelketa batekin… Ez dauka zerikusirik, ez. Horregatik da hain garrantzitsua sailkatu izana, lau urtean behin egiten den txapelketa delako. Gure kirolean txapelketa inportanteena da, eta aukera gutxi daude horrelako txapelketa batean parte hartzeko. Neguan Xabi Taberna zure entrenatzaileak Hitzari esan zion Londresko jokoak bukatu eta hurrengo egunean hasi zinetela Riokoak prestatzen. [Barre egiten du] Beno, hori hitz egiteko modua da, ez ginen hurrengo egunean hasi, baina Londresen plaza gabe geratu nintzenez, bagenekien helburua Europako Txapelketa honetan hori lortzea izango zela, eta denboraldi honetako helburu bakarra hori izan da, plaza lortzea. Eta orain lortuta, Olinpiar Jokoak ondo prestatzea falta zaigu. Urte olinpikoan hori da helburua, eta hilabete hauek helburu hori prestatzen eman ditut. Bi hilabete geratzen dira jokoetarako. Eutsiko al diozu sasoi puntu horri? Bai, baietz uste dut. Forma onean nago, eta konfiantza handiarekin. Hurrengo bi hilabeteetan asko entrenatuko dugu eta helburua izango da punturik onenean iristea abuztuaren 7ra, egun horretan dudalako nire proba. Egingo ditugun Munduko Kopak prestaketa moduan izango dira, emaitzari gehiegi begiratu gabe, batez ere erritmoari begira, lehiaketari berriro erritmoa hartzeko. Zein izango da zure helburua? Helburua domina lortzea izango da. Kontziente naiz oso zaila izango dela, aurkariak oso ondo daudelako, baina, naiz eta faboritoa ez izan, nire maila ematen badut hor egongo naiz. Bitan laugarren gelditu eta gero, aukera berri hau aprobetxa dezaket. Eta, zaindu beharreko piraguistak… Ba al da faborito argirik dominetarako? Aukera errealekin sei-zortzi palistako taldetxo bat ikusten dut. Horiez aparte badago jende oso ona, egun ona badute hor ibiliko dena, baina nire ustez aukerak izango ditugunak sei-zortzi palista izango gara: David Florence britainiarra, Benjamin Savsek esloveniarra, Matej Benus eslovakiarra, Sideris Tasiadis alemaniarra, eta Denis Gargaud frantsesa. Horiek dira faboritoenak, horiez aparte ni ere banago, eta aukerak ditut horiekin egoteko.«Oso forma onean nago, eta Europako Txapelketan demostratu dut»
Olinpiar Jokoen historian ez da kirolari asko izango hiru aldiz laugarren tokian geratu denik. Agian zu izan zaitezke lehena? [Burua makurtu du] Izan daiteke… [barrez hasi da]. Zaila da bi aldiz laugarren gelditzea, nahiko berezia izan da. Baina hirugarrenez laugarren geratzea, hori bai izango zela berezia… Baina, hala ere, kirola horrelakoa da eta dominetan sartzea inoiz ez da erraza. Nahiz eta jendeak uste duen laugarren geratzea putakeria bat dela, nik oso positibo baloratu izan ditut beti laugarren postu horiek. Oraingoan laugarren geratuko banintz berriro, ‘joder’ esango nuke, baina hirugarren olinpiar diploma litzateke, eta gustura hartuko nuke. Batez ere, nire maila emanda lortzen badut, ‘nik nirea eman dut, besteak hobeak izan dira’ esango nuke, eta ez dago besterik. Horrekin konforme orduan, zure maila ematearekin? Bai, noski, hori eginda hor egongo naiz. Besteek egun ona badute irabaziko naute ala ez. Baina orain, egia esan, ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi, domina lortu nahi dut, bai, baina ondo prestatu, nire maila eman, hori nahiko nuke. Neguan egon zineten Rion, eta orain gutxi berriro joan zarete. Nabaritu al duzue alderik? Hiri olinpikoa oraindik ez dugu ezagutzen; hori jokoetan ezagutuko dugu, ez besterik. Bestela, ez dut sumatu gehiegi aldatu denik. Neguan kanala [slalom proba egiten den azpiegitura] bukatuta zegoen, eremu hori babestutako eremua da, eta zerbait prestatzen ari dira. Errepideetan, bestela, sumatzen da ahalegin handia egiten ari direla, batez ere garraioan, baina ikusten da denbora faltako zaiela, eta nahiko kaotikoa da dena. Herrialde hartako pobrezia ez zen asko aldatuko, ez? Balioko al dute jokoek Rio Janeiro hiriko pobreen egoera arintzeko? Ez dut uste, ez. Azkenean Olinpiar Jokoek ez dute herri bat salbatzen inondik, eta Rioren kasuan, herri horrek gauza asko beharko lituzke Olinpiar Jokoak baino lehenago.«Oso aukera gutxi izaten dira horrelako txapelketa batean parte hartzeko»
Beste arazo larri bat dute han, zika birusarekin. Zu, larrituta zaude? Egia esateko, duela astebete egon gara han eta ni ez naiz zikaz oroitu, han ez da sumatzen halako alarmarik. Bueltatu garenean ikusi dugu kezka hori. Ni ez naiz aditua eta ez dakit arriskua benetakoa den ala ez, baina han ez dago alarmarik. Leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago egongo da, baina segurtasun neurriak hartuta ez dut uste arazorik egongo denik. Hori da nire pertzepzioa, gero benetan nolakoa den… Abuztuaren 7an hasiko dira zuen probak. Finalerdia 8an eta finala 9an. Aukera izango duzue aurretik berriro jokoetako kanalean prestatzeko? Olinpiar Jokoetan, entrenamendu garai ofizialetan ezik, kanala itxita egoten da, eta irekitzen duten garai horiek guztiak aprobetxatzea da gure nahia. Txapelketa garrantzitsua dugunean guretzat inportanteena da kanal horretan ahalik eta gehien entrenatu ahal izatea. Munduko Kopako hurrengo proba eta gero bi astez irekiko dute, eta hara joango gara berriro. Eta jokoen aurretik beste aste pare bat irekiko dute eta berriro joango gara. Zergatik da hain garrantzitsua lehia egingo den kanalean bertan entrenatzea? Zirkuitua aurreko egunean diseinatzen dute. Lehiaketa hasi baino bi egun lehenago arte entrena gaitezke, eta lehiaketaren bezperan diseinatzen dute zirkuitua. Kanpotik ikus daiteke nolakoa den, baina ezin da probatu. Horregatik da hain garrantzitsua kanalean asko entrenatzea, ondo memorizatu, eta ahalik eta mugimendu gehien eginez, gero txapelketako zirkuituan egin beharko diren mugimenduak aurretik prestatuak eduki ditzazun.«Herri horrek gauza asko beharko lituzke Olinpiar Jokoak baino lehenago»
“Lortuko banu, bai ni eta bai kluba oso pozik egongo ginateke”
Hirugarrenez izango da olinpiko Ander Elosegi. Urte asko daramatza elitean lehiatzen. Aurredenboraldiko prestaketa dela, Munduko Kopako probak direla, kanal berri bat probatu behar dela… Etxean bezain besteko denbora ematen du bidaiatzen, baina, momentuz behintzat, ez dago Irundik mugituko duenik. Santiagotarrak da bere kluba, eta San Migel eremuko ur-lasterrak, entrenatzeko bere tokia. 2007. urtean jaso zenuen lehen aldiz ADO beka —olinpiar kirolarientzako laguntza—, eta badira urte asko Espainiako selekzioko C1eko lehen palista zarela. Baina ez duzu kluba aldatzen. Zergatik? Kirol hau horrelakoa da, ez da fitxaketarik egoten, ez da horrelako mugimendurik egoten. Santiagotarrak izan da nire betiko kluba, hemen ikasi nuen piraguan ibiltzen, eta ez dut inoiz inolako arazorik eduki. Irunen bizi naiz, etxetik oso gertu dut kluba. Ez dut esango dena eman didanik, baina aukera eman dit kirol hau praktikatzeko, nire betiko kluba da, eta nik uste betirako izango dela. Munduko kanal onenetan lehiatu zara, eta asko bidaiatu behar izaten duzu, baina entrenatzeko zure lekua San Migel da, Irungo Bidasoa auzoan. Zer du Bidasoak zuretzat? Hemen ikasi dugu, bai hemen [irlen eremua seinalatuz] pistan, bai San Migelen ur bizitan. Egia da goi mailako slaloma egiteko ez dela entrenatzeko lekurik egokiena, motz geratzen dela, baina, jakinda kondizio hoberenak ez zirela, hemen ondo entrenatzeko aukera izango nuela ikusten nuen, nahiz eta askotan mugitu behar izan. Baina etxean egoteak beti ematen du lasaitasun hori, kirolari batek behar duen lasaitasuna. Zuk bezala, kilometro gutxi egiten duen beste bat Xabi Taberna da, zure entrenatzailea. Zer moduzkoa da hondarribiarra? Ona! Urte asko daramagu elkarrekin, konfiantza handia dut beregan eta berak ni oso ondo ezagutzen nau, badaki uneoro nola jokatu nirekin, berak ere urte asko daramatzalako nire ondoan. Bion artean talde oso ona egiten dugu.Euskaraz egiten duzu berarekin, lanean ere. Eta ez zuk bakarrik. San Migelen entrenatzen zareten selekzioko kide guztiek egiten duzue euskaraz. Deigarria da Espainiako selekzioa euskaraz entrenatzen dela ikusi eta entzutea… Ni euskalduna izaki eta bera ere, beti egin dugu euskaraz, eta inork ez digu debekatu. Selekzioko beste entrenatzaile nagusia ere [Xabier Etxaniz] euskalduna da, nik beti euskaraz egiten dut berarekin. Eta selekzioko partaide asko euskaldunak gara, gehienok euskaraz egiten dugu. Normaltasun handiarekin daramagu, zorte hori eduki dut, Espainiako selekzioan euskaraz egin ahal izatea inolako trabarik gabe, niretzako beti izan da horrela. Tarteka izaten duzu aukera Santiagotarrak elkarteko gazteen ondoan entrenatzeko? Zer moduz datoz? Ondo. Klara Olazabal gaztea proiekzio handiko palista da eta gurekin Munduko Kopak egitera etorriko da. Telmo ere [Olazabal, Klararen anaia], maila beherago batean, 23z azpikoetan, nazioarteko txapelketetan dabil. Klubak palista onak eman ditu, eta espero dezagun horrela jarraitzea. Aurten 50 urte beteko ditu klubak. Zer opari egin nahi diezu Rioko jokoetatik bueltan? Domina bat ekarri nahiko nuke, ez dakit oparia izango litzatekeen hori. Urte berezi honetan domina bat lortzea bereziagoa izango litzateke. Noski, nire buruan pentsatuz egingo nuke, baina uste dut klubean nik lortzen ditudan emaitzekin pozten direla, eta Rioko Olinpiar Jokoetan domina lortuko banu, bai ni eta bai kluba oso pozik egongo ginateke.«Santiagotarrak nire betiko kluba da, eta nik uste betirako izango dela»