Hondarribiak Lekeitioko XXXVIII. Ikurrina irabazi du. Igandean hasiko da traineruen San Miguel Liga, Sevillan.
Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariak eta klubeko ordezkariak, Lekeition
Neguko jaitsieretan eta udaberriko beste estropadetan erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen Ama Guadalupekoa ontziak larunbatean, Lekeitioko XXXVIII. Ikurrina irabaziz. 19 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten hondarribiarrek ibilbidea osatzeko, Oriok baino 11 segundo gutxiago eta San Juani 17 segundo atereaz.
Osertz Aldairen Isuntzak ezustekoa eman zuen etxean, eta laugarren sailkatu zen, TKE ligako hainbat ontziren aurretik. Hondarribiko bigarren trainerua hamabigarren sartu zen helmugan, lehen ontziarekiko 49 segundo galduta.
Igandean hasiko da San Miguel Liga, Sevillan, IV. Euskadi Basque Country Banderarekin. Hondarribia Arraunek hirugarren liga jarraian irabazi nahi du eta hori lortuta beretzat izango litzateke La Caixa trofeoa, ez luke itzuli beharko. Orain arte erakutsitakoaren arabera, iaz emandako mailatik gertu egon daitezke hondarribiarrak udan, baina ikusteko dago liga hastearekin batera nagusitasun hori mantentzea lortzen duten. Lekeition jaun eta jabe izan zen Ama Guadalupekoa, baina Urdaibai eta Castro, esaterako, ez ziren bertan lehiatu.
Nesketan bost traineru uretaratu ziren larunbatean Lekeition. Hibaikak lortu zuen bandera, Arraun Lagunak donostiarraren aurretik. Hondarribia bosgarren sailkatu zen, baina pixkanaka-pixkanaka aurrekoekiko aldea murrizten ari dira Joserra Oiarzabalen neskak.