Olaberria eta Katea lotzen dituen errepidearen tarte batean errepidera atera behar dute oinezkoek.
Olaberria eta Katea lotzen dituen errepidearen tarte batean errepidera atera behar dute oinezkoek, espaloi edo bazterbiderik ez dagoelako. “Esan beharrik ez dago zein arrisku pairatzen duten bizilagun horiek egunero eskolara joateko, erosketak egiteko…”, adierazi du Landetxa auzo elkarteak.
Horri irtenbidea emateko bilera bat eskatu die aldundia nahiz udalari, eta lanak aurten bertan egiteko eskatu du auzo elkarteak, “ezbeharren bat gertatu baino lehen”.
Igaro da denbora auzo elkarteak gaiari heldu zionetik, eta bilera bana egin zuen iaz udala eta aldundiarekin. Auzo elkartearen arabera, aldundiko Azpiegitura Sailak proiektu bat idatzi zuen zegokion aurrekontuarekin. Egitasmo horrek kontuan hartzen zuen sarbide segurua garatzea tarte arriskutsuenetan (Zelaiburu baserriaren eta Mendiola bidearen sarreraren artean). 144.000 euroko aurrekontua zuten lanek. Gainerako tartea udalaren esku utzi zuen (Otatze baserritik Zelaiburu baserriraino).
Pozik geratu zen auzo elkartea erabaki horrekin, baina zentzuzko denbora bat itxaron dutela, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso esan du. Azpiegitura Zuzendaritza berriarekin beste bilera bat egin zuten: “Gure harridurarako jakin genuen ez zegoela aurrekonturik ez 2015rako ez 2016rako”.
Udalarekin bigarren bilera bat egiteko konpromisoa hartu arren, “proiektua guztiz etenda” dagoela uste du. Auzo elkarteak galdetu du zeintzuk diren erakundeen lehentasunak, auzotarrek egunero “beren bizia arriskuan” jartzen dutela ikusita.
Olaberriako errepidea