Errefuxiatuen aldeko bizikleta martxa bat egingo dute igande honetan, hilak 19. Hiru zutabe irtengo dira Gipuzkoako hiru herritatik Donostiarako bidean; horietako bat Irundik. Idomeini deituko da Irungo zutabea, eta Errenteria-Orereta eta Pasaiatik ere pasako da.
Igandean, 10:00etan elkartuko dira San Juan plazan, eta Colon pasealekurantz joko dute. Hortik Katearaino joango dira, eta Gaintxurizketatik barrena Errenteria-Oreretara iritsiko da (11:00). Pasaiara (11:10) joko du ondoren martxak, Donostiarantz.
Bulebarrean elkartuko dira Lampedusa (Zarauztik aterako da) eta Lesbos (Hernanitik) zutabeekin, eta hiriburuan barrena zirkuitu bat egingo dute. Zutabe guztiek errefuxiatuen kanpaleku baten izena dute. 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean.
Bizikleta martxa hamarnaka elkartek antolatu dute, besteak beste, SOS Arrazakeria, Mugen Gainetik eta Stop Desahuciosek. Irunen bat egin dute Adiskidetuak eta Korapilatuzek.
Gerratik ihesean, hesiak
Bihar, hilak 20, Errefuxiatuen Eguna da, eta aurten, inoiz baino gehiago, Europako mugetan bizi duten egoera dramatikoak baldintzatuta egongo da. “Europako Batasuna ez da bakarrik heriotza horien arduraduna; are gehiago, Europara iritsi diren horiek kanporatzen ari da”, adierazi dute antolatzaileek izenpetu duten adierazpenean. Turkiako Ituna bide horretan jarri du.
Asilo eta babes eskubidea “Europako Batasunaren funtsean” dagoela gogorarazi dute, eta hartu den norabideak xenofobia eta eskuin muturra hauspotzen duela. Edonola ere, migrazio politika horiek arbuiatzen dituztena europarrak gehiago direla esan dute.
Gipuzkoa ere horren adibide dela esan du, eta hainbat elkartasun ekintza egin direla bertan gogorarazi du. Horrek Espainiako Gobernuaren jarrerarekin talka egiten duela esan du, hartzeko prest agertu zen errefuxiatuak “tanta kontagailu bidez” ari baitira sartzen.
Errefuxiatuen aldeko bizikleta martxaren aurkezpena San Juan plazan.