Dagoeneko programa kontsultatu daiteke udalaren webgunean, eta etxean ere jasoko dute irundarrek.
Dagoeneko sanmartzialen egitaraua jarri dute
udalaren webgunean. Urtero moduan, hilaren 23an, San Juan bezperan hasiko dira, eta uztailaren 1ean bukatu. Bederatzi egun luze horietan, 124 ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da, programa ofizialaren barruan.
Etxean ere jasoko dute irundarrek programa, eta 26.000 etxeetan banatuko dute.
Udalaren arabera, parte hartze handia izango dute aurtengo jaiek, “programaren gehiena jasotako proposamenak izan dira”. Guztira, ia 317.000 euroko aurrekontua izango dute
Aurtengo berritasun nagusienetako bat Gazte Gunea izango da. Hilaren 25, 26 eta 27an egongo da jarrita, Santiago auzoko Euskal Jai pilotalekuan. Bertan karpa bat jarriko dute gazteei begirako ekintzekin: tailerrak, musika, proiekzioak… Parte hartze aurrekontuetan ateratako proposamen bat izan da.
Horrez gain, tradizio bihurtu diren ekintzak egongo dira: bakailao txapelketa, Urdanibia plazako kontzertuak, herri bazkaria…
Santiagotarrak, txupinazoan
Festak hasteko ohorea aurten Santiagotarrak elkarteak izango du, 50. urteurrenaren harira. 21:30ean izango da hori, hilaren 23an, eta agur ofiziala egingo dute. Aurretik, San Juan zuhaitza jarriko dute, 19:00etan, txistulariek lagunduta, eta 20:45ean, aurreskua dantzatuko dute San Juan suaren inguruan, Kemen dantza taldearen eskutik. 21:45 aldera alkateak sua piztuko du.
Txikientzako karruselak
Umeentzako karruselak hainbat auzotan egoteaz gain (Behobia, San Migel, Anaka, Belaskoenea, Palmera-Montero, Larreaundi eta Katea), gune handiena Ficoban egongo da. Postuak, berriz, Luis Marianon egongo dira ohi bezala, eta txosnak Urdanibia plazan. 12.000 edalontzi berrerabilgarri aterako dituzte
San Martzial Garbiak leloarekin.
San Juan plazan, Kemeneko dantzariak dantzan, aurreskua bitartean