Blagan euskara elkarteak bertsorik gabeko bertso saioa antolatu du hondarribiarren aurrean aurkezteko. Kike Amonarriz eta Joxerra Garzia gonbidatu dituzte.
Gutxitan izango zuen Joxerra Garziak ostiralean egokitu zaiona baino lan zailagorik. Bertso saio bateko gai jartzaile bezala jardun beharko du Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, baina bertsolaririk ez da agertuko; bertsorik ere ez dela izango abisatu dute antolatzaileek. Azalduko dena Kike Amonarriz izango da, edozer gauza espero daiteke hortaz.
Bertsorik gabeko bertso saioa antolatu du
Blagan euskara elkarteak ostiralerako, elkartearen aurkezpen publikoa egiteko. “Saio umoretsu eta dinamikoa” izango dela ziurtatu dute, eta deialditik bertatik antzeman zaie serio ari direla.
Bertsolaririk ez dute deitu Itsas Etxerako, baina gonbidatu asko izango direla iragarri dute, baserritarrak, arrantzaleak, idazleak, margolariak, irakasleak, historialariak, kirolariak…”. Eta izen batzuk eman dituzte: Pia Alkain, Judas Arrieta, Gari Amundarain, Ainhoa Larretxea, Arantxa Urretabizkaia, Iñaki Paskual, Arantza Mariskal, eta beste asko. Horiek guztiak bertsotan jarriko ditu Garziak, edo ez, baina saiatu behintzat saiatuko da.
Ostiralean, arratsaldeko zazpietatik aurrera aurkeztuko dute Blagan euskara elkartea. Sartzea debalde izango da, baina komeni da garaiz ibiltzea, lekurik gabe ez geratzeko. Marka litzateke gero, bertsorik gabeko bertso saio batera joan, eta joan gabe geratzea.
Kike Amonarriz gonbidatu dute Blagan elkartearen aurkezpenerako