Bi egunez, irristatze kirolen hiriburua izan da Hondarribia. 100 surflarik parte hartu zuten iagnde goizeko Espainiako SUP proban
Espainiako SUP Kopa egin zuten igandean. Irudian, Open Mailako irteera
Seigarren Bikingo Eguna egin dute asteburuan Hondarribian, HS2 klubak antolatuta. Bi egunez, irristatze kirolen hiriburu izan da herria eta dozenaka surf eta skate zale hurbildu ziren Kai Zaharrera probetan parte hartu edo ikusle modura gozatzeko asmoz. Antolatzaileek oso balantze positiboa egin dute, eta hasieratik “ikusgarria” izan dela baieztatu du Iñaki Navascues HS2ko presidenteak.
Larunbat goizean haurrak izan ziren protagonistak, bai SUP taula erraldoien gainean jokoan, bai SUP Kids Kopan lehiatzen. Parte hartze handia izan zen proban, eta lehiakide batzuk kanpotik etorri zirela nabarmendu dute: “Donostia, Ipar Euskal Herria, Kantabria edota Kataluniatik”. Agin guztientzako probak antolatu zituen HS2k eta publikoak gozatu zuen surflari txikiekin.
Larunbat goizen SUP probak antolatu zituzten haurrentzat
Arratsaldeko egitarauaren zati bat bertan behera geratu zen ekaitzagatik —film laburren proiekzioak bai egin ziren—, baina egin ezin izan ziren ekitaldiak biharamunean egiteko aukera izan zen, igande goizak ateri eutsi baitzion. Hala, Axi Muniain surflari zarauztarrak master class ikastaroa eskaini zuen Carver taulekin.
Baina igande goizeko ekitaldi nagusia Espainiako SUP Kopa izan zen, modalitate guztietan eta bi distantzietan: 6 kilometro (Amateur Maila) eta 14 kilometro (Open Maila) egin zena. Ibilbidea, paregabea, Kai Zaharra eta Amuitz irla artekoa. Open Mailan Roman Freijo nagusitu zen Olivier Darrierderlouren aurretik. Nesketan ere hondarribiarra izan zen txapelduna, Cyara Palenzuela gaztea; Beatriz Piñal kantabriarra geratu zen bigarren.
“Surflariek surflarientzat antolatutako festa handia da Bikingo Eguna”, adierazi du Navascuesek balantzea egiterakoan. Eta hori da asteburuan Hondarribian irristatze kirolen zaleek bizitu dutena, festa handi bat. Lehiak izan dira, ikastaroak, bideo emanaldiak, SUP taula erraldoietan aritzeko aukera —tartean desgaitasuna duten haurrekin burututako bataioak—… Badakite ondo pasatzeko zer egin HS2koek, eta hurbiltzen zaienei ondo pasa arazten ere asmatzen dute.