Udalak Irunbus autobusetarako APP bat kaleratu du, hiriko garraio publikoaren gaineko informazio guztiarekin.
Irungo Udalak aplikazio bat atera du Irunbuserako. APPa sakelakoan instalatu ondotik, autobusa momentuoro non dagoen jakiteko aukera izango du erabiltzaileak. Horrez gain, hiriko autobusaren gaineko informazio guztia izango du klik batean.
Geolokalizadore bat dauka bere baitan APPak, “horri esker, martxan dauden autobus guztiak ikusi ahal izango ditugu, gero gehien hartzea interesatzen zaiguna aukeratu ahal izateko”, azaldu du Pedro Alegre Parte Hartze zinegotziak. Gaur eman ditu aplikazioaren xehetasun guztiak Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziarekin batera. “Ahalik eta xumeena izaten saiatu gara, ahalik eta bidaiari gehienek erabili ahal izateko”.
Autobus guztien ordutegia ere jakin ahal izango da, eguneratua. Alegia, zein ordu den kontuan hartuta, zein ordutan den pasatzekoa autobusa. Edonola ere, astelehenetik igandera, zein ordutegi daukaten autobusek kontsultatu ahal izango da.
APPa irekitzerakoan hiru aukera izango ditu erabiltzaileak nabegaziorako: Linea, Mapa eta Helmuga. Horrekin batera, menua eta hizkuntza: euskara, gaztelania, frantsesa edo ingelesa.
Gainera, Mugi txartela non kargatu daitekeen ere jakinaraziko du.
Azkenik, jakinarazpenak jasotzeko aukera ere izango da, adibidez, trafikoa mozten baldin bada. Aukera hori aktibatu edo desaktibatu egin daiteke.
Aplikazio hori iOS eta Android sistementzako da baliagarria.
IrunBus APPa aurkeztu dute Cristina Laborda eta Pedro Alegre Trafiko eta Parte Hartze zinegotziek, hurrenez hurren.