Erretiroa hartzear da Gartzia, baina pozik da ordezkatuko duen pediatrarekin. 28 urtez estilo propioa landu du bere kontsultan, eta gorputza eta arima, biak batera ikusten saiatu dela adierazi du.
Maribel Gartzia Hondarribiko pediatra
Azken kontsulta egunak dituzu.
Hamabi egun geratzen zaizkit. Berez, ekainaren 29an hartzen dut erretiroa, baina oporrak hartuko ditut, ekainaren 10a izango da nire azken lan eguna.
Jendeak badaki erretiroa hartzera zoazela? Zer esaten dizute?
Pare bat hilabete daramatzat kontsultara datozen gurasoei hori jakinarazten. Ez zitzaidan ondo iruditzen hurrengo zita ematerakoan ni egongo ez nintzela ez jakitea. Niretzat pozgarria izan da gehienek pena hartu dutela ikustea, nahiz eta kontraesana dirudien. Urte asko daramat hemen, nik uste dut estilo propioa daukadala kontsultan, eta jendea gustura dagoela. Harreman luzea egin dugu hainbeste urtetan. Batzuk ume bezala ezagutu ditut, eta gero, guraso bezala etorri zaizkit.
Penaz hartuko duzu lana uztea?
Erretiroa hartuko dut nik eskatu dudalako. Bizkarrean molestia asko izaten ditut, duela hamar urte izan nuen arazo batengatik. Baina pena ere emango dit.Uste dut bizitza guztian izango naizela pediatra; ez diot pediatra izateari utziko erretiroa hartzeagatik. Prestatu dut txartel handi bat jendeari agur esateko, bertso batekin, argazki batekin,
blog baten helbidearekin eta
posta elektroniko batekin, norbaitek nirekin harremanetan jarri nahi badu. Blog horren bidez saiatuko naiz euskaraz zerbait idazten. Ez dut inolako kontsulta partikularrik jarriko.
Zein begiekin begiratzen diozu erretiroari? Gogoz ala penaz zaude?
Sentsazio kontraesankorrak ditut: gogoa, pena… denetik. Baina baita abenturaren sentsazioa ere. Etapa berri bat zabaltzen da, non denbora gehiago egongo den nire esku. Momentuz, uda on bat pasatu nahi dut. Gero ikusi beharko da. Ibili izan naiz Ertamerikan, han lagun batzuk ditut, eta berriro ikusi nahi ditut, beraiekin egon denboraldi batez. Afizio batzuk ere gustatuko litzaizkidake lantzea: mendira gehiago joan, bizkarra zaindu, Eskifaia abesbatzan ere kantatzen dut… Mugen Gainetik elkarteko presidentea naiz, eta hor lan gehiago egiteko aukera ere izango dut. Beraz, nire erronka nire denbora ondo antolatzea izango da. Azken finean, lanak nekatzen gaitu, baina ordenatzen gaitu eta mugatzen gaitu. Orain ez da egongo muga hori, eta beste desafio bat, beste abentura bat, hasiko dut.
Badakizu nork ordezkatu zaituen?
Bai. Zorte handia izan da, ez nuen espero, eta oso kontent nago. Itxaro Pena. Donostiarra da, Pediatria Zaragozan egin du, euskalduna da, eta uste dut nire kontsulta oso esku onetan uzten dudala, oso-oso kontent nago. Hilaren 16an etorri zen. Orain ordezkapen batzuk egingo ditu, eta egun hauek aprobetxatzen ari gara elkarrekin egoteko. Uste dut kontsulta oso esku onetan uzten dudala, eta horrek asko pozten nau.
Zein estilo eman diozu zure kontsultari?
Batetik, euskaldun berria naiz, baina saiatu naiz euskaraz egitea, behintzat, euskaldunekin. Bestetik, pediatra naiz, baina psikologia arloan formazioak egin ditut, eta saiatu naiz ikuspegi integral bat aurrera eramaten, non gorputza eta arima batera ikusten ditudan. Beti esaten dut nik ez dudala sendatzen: umeak gaixotu egiten dira, eta beraiek sendatu behar dira. Teknikook lagundu dezakegu bide horretan.
Askotan gorputzari buruari baino garrantzia gehiago ematen zaio?
Nik beti esaten dut pediatra pixka bat arraroa naizela, nire estiloa daukadalako, eta pentsatzen dudalako psikologia arloa landu izanak markatzen didala, baina bakoitzak bere modua dauka. Gainera, askotan gaixoak ez du nahi izaten beste arloa entzutea, sintomak kentzea nahi dute, eztula bukatzea, zauria sendatzea… ez pentsatzea zergatik etorri zaion gaixotasuna. Gure kulturan errua dago erantzukizunaren partez. Errua ez, baina zure bizimoduarengatik arazoak sortzen badira, bizimodu hori aldatu beharko genuke arazo horiek ekiditeko. Baina hori ez da errua, baina gure kulturan errua oso errotuta dago, eta hori ere ez da ona.
Umeen kasuan, gurasoekin batera datozenez, zailagoa izango da euren burutxoetan sartzea.
Denak du harremana. Ume baten bizitzan medikuak ez gara inportanteak, inportanteenak gurasoak dira. Gurasoen aldaketa txikiek askotan eragina daukate umeengan.
Negar ugari entzungo zenituen kontsultan.
Ez pentsa. Umeek badute momentu bat beldurrak gainditu egiten dituela, 9-24 hilabeteen artean izaten da. Aurretik, normalean, umeari ez zaio arrotz egiten, ez dauka bere desioa egituratuta. Beraz, ez badiozu minik egiten lasai egoten da. 2 urte eta gero, harremana nahikoa landuta dago jakiteko zer gertatuko den: badauka tenporalitate bat sartua bere pertsonalitatean, eta badaki bukatu egiten dela eta joan egingo dela. Umeek negar egiten dute beldurragatik, eta momentua badago egiteko, guztiz normala da, eta poztekoa. 9 hilabeteko haur bat ez bada
moskeatzen ukitzen dudanean, ni kezkatzen naiz. Askotan ikusi dugu adoptatuek ez dutela espresatzen. Behin lotura egiten dutenean familiarekin, kristoren negarrak egiten dituzte, eta ni poztu egiten naiz. Negar horiek esan nahi dute norbaiti eskatu diezaioketela laguntza.
Medikuek askotan albiste txarrak eman behar dituzue. Zaila izango da diagnostiko gogorrak ematea, ezta?
Oso zaila da. Guri ez zaigu tokatzen konfirmatzea, guri batik bat susmatzea. Nolanahi ere tokatu izan zait minbizia, hidrozefaliaren bat ematea… Ez dira berri onak.
Urteekin ikasten da horrelako berriak ematen?
Nik uste dut lanarekin ikasten duzula enpatizatzen eta desenpatizatzen ere. Urte batzuetan gehiegi enpatizatzen nuen eta sartzen nintzen beren estualdian, eta hori ez da ona ere, distantzia puntu bat mantendu behar duzu. Bestela, ez diozu laguntzen. Sumatu behar duzu beren ezinegona, baina zu egon behar zara beste leku indartsuago batean kontentzio bat emateko.
Askotan aipatzen da umeak hezteko modua aldatzen ari dela. Nabaritu al duzu?
28 urte hauetan ikusi dut gauza bat asko gustatu zaidana, eta izan da gizonen inplikazioa. Orain dela 28 urte oso zaila zen hori ikustea. Agian etortzen ziren, baina ez zekiten zertaz ari ziren. Orain hitz egiterako garaian sumatzen duzu inplikazio bat badagoela, eta hori asko gustatzen zait. Ez zait gustatzen beste gauza bat: limiteen falta. Beldurra dago umeei frustrazioa edo negarra eragiteko edo euren desioa ez betetzeko. Horrez gain, emakumeen artean gaizki ulertutako konplexu bat dago. Nire belaunaldia izan da agian lehena kalera lanera irten dena, eta emakume askori kostatzen zaigu ulertzea hori ez dela umeentzako txarra. Alegia, umeei nahikoa denbora ematen, beste kalitate bateko denbora ematen diogula, baina baita ere beste batzuek, aitak ere, eman behar diotela denbora, ez dela bakarrik gure ardura. Askotan erru hori azpian egoten da, eta bere desio txikienak ere bete nahi izaten ditugu. Umeak ikasi behar du gauzak desiratzen eta frustrazioa jasaten ere, dena ez delako betetzen. Ez frustrazio konstante batean egotea, lehen autoritarismoarekin gertatzen zen bezala, baina ez dena betetzea ere, bestela, ezetza esatean gure sentimenduak nola bideratu ez dugulako ikasiko.
Urte hauetan guztietan egindako ibilbidea eta gero zerekin geratzen zara?
Harremanekin. Espero dut harremanen bidez gurasoei euren seme-alaben osasuna mantentzen lagundu izana. Harremanarekin geratzen naiz, bai umeekin, bai gurasoekin eta baita lankideekin ere.
“Errefuxiatuekiko gure jokabidea lotsagarria da”
Maribel Gartzia Hondarribiko pediatra
Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundeko presidentea zara. Momentu honetan bereziki kezkatzen zaituen gaia da errefuxiatuena?
Bai, baina ez Mugen Gainetik-eko presidente naizelako, baizik eta pertsona bezala. Iruditzen zait lotsagarria dela. Gure ondoan bizi dira, eta ez dira gurekin bizi, ez diegulako uzten. Gerra batetik ihesi irten dira, eta gure jokabidea egoera horren aurrean lotsagarria da.
Medikuntzaren ikuspegitik, baldintza horietan bizitzeak gaixotasun ugari sorraraziko ditu.
Noski. Gaixotasuna etortzen da bizitzeko moduarengatik, eta bizimodua aldatu behar gaixotasuna ekiditeko. Horrez gain, aurretik gaixo zirenak edo haurdun dauden emakumeak daude horien artean.
Boluntario joaten diren mediku eta pediatrek zein tarte daukate euren egoera hobetzeko?
Joango ez baziren askoz okerragoa izango zen. Baina horrelako toki batera nork eraman dezake osasun gehiago, medikuak edo ura garbia izateak? Ura garbia izateak. Ni kanpoan ibili izan naiz, eta askotan esaten nuen, ‘hemen medikuak baino gehiago iturginak behar dira’. Iturgintza eta higienea oso garrantzitsuak dira ere. Askotan ez gara konturatzen, baina horiek mantentzen digute osasuna medikuek bezain beste.
Nola ikusi duzu Hondarribian errefuxiatuekiko egin den lana?
Oso polita izan da. Iruditzen zait bihotzetik atera dela, eta gero, gainera, burmuina erabili dutela bideratzeko. Askotan bihotzetik ateratzen diren gauzak ez badira ondo bideratzen ez dira ondorio onetara iristen. Eraginkorrena mugak zabaltzea litzateke, baina hori ez dago gure esku. Eraman duten arropa, elikadura eta maitasuna oso ondo etorri zaizkie.
Hainbat familia hona etortzeko tramiteak ere hasi dituzte.
Bai. Horien artean bi ume daude gaixotasunekin. Bat oso txikia da bere adinerako, eta ziurrenik gibela eta giltzurruneko arazo batekin dago. Beste bat buruko paralisi batekin dago. Seguraski paralisi horretatik sendatzen ez diogu lagunduko, baina hemen askoz bizitza hobeagoa eta luzeagoa izango du. Han ez du asko iraungo.
Zu zeu ere kanpoan ibilitakoa zara.
Ertamerikan ibili nintzen, duela urte asko. 1988an, 1990ean eta 1992an. Nikaraguan, Guatelaman eta El Salvadorren. Hango GKEekin aritu nintzen, osasun arloan laguntzen. Denbora gutxi, aldiro, hilabete pare bat, oporrak eta baimena hartzen nuen.
Orain bueltatzeko asmoa duzu?
Baina momentuz ez bereziki han lan egiteko. Gainera, ez daukat ez bizkarra ez osasuna trote horietarako, baina ikusiko dut. Mercedes Olivera antropologo feminista laguna dut Chiapasen, eta asko disfrutatzen dut berarekin. 80 urtetik gora ditu, eta nahiko nuke berarekin egon. Ikusteko dago zer egingo dudan, baina nire erraiak hemen daude.