Hondarribiko kanporaketa ekainaren 3etik 15era egingo dute eta lehen aldiz Erdi Aroko Azokarekin bat egingo du
XI. Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa aurkeztu dute gaur
Hamar tabernek hartuko dute parte ekainaren 3tik 15era IX. Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketan. Sari bakarra izango da, Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sareak antolatuta urriaren 7tik 9ra Consuegran (Toledo) egingo den Nazioarteko IX. Erdi Aroko Pintxo Lehiaketan parte hartzeko txartela. Bi astez luzatuko da Hondarribiko kanporaketa eta, hala, Erdi Aroko Azokarekin bat egingo du.
Gaur aurkeztu dute udaletxean Hondarribiko kanporaketa, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu alkatea, izena eman duten sukaldarietako batzuk, eta epaimahaiko bi ordezkari. Sagarzazuren hitzetan, “Hondarribia eta beste hainbat herrien arteko lotura gogoratzeko” balioko du lehiaketak. 2006tik da Erdi Aroko hiribilduen sareko kide Hondarribia, eta sarearen helburua “norberaren baliabideen arabera elkarren arteko dinamizazioa eta turismoa sustatzea” da. Zentzu horretan, gastronomiaren bidez Hondarribiak ekarpen nabarmena egin duela adierazi du alkateak: “Sareko beste herrietako sukaldari askorentzat Hondarribikoek eredu bezala balio dute”.
Parte hartuko duten establezimenduek Danontzat, Enbata, Hondar, Itsaspe, Kai Zaharra, Larra, Obispo, Sardara, Txantxangorri eta Gran Sol izango dira eta taberna horietako bezeroek lehiaketara aurkeztutako pintxoak (beheko zerrendan) eskatzeko aukera izango dute —Gran Solen 3tik 5era bakarrik—. Baten batek pintxo guztiak probatu nahiko balitu, ibilbide polita egingo luke, Portuko zazpi taberna eta Alde Zaharreko beste hiru bisitatuko bait lituzte.
Hiribilduen sareko herri bakoitzak nahi bezala hautatzen du bre ordezkaria finalean, eta Hondarribiak lehiaketa bidez egingo du. Aurten, gainera, berrikuntzekin dator hautaketa prozesua, lehen aldiz epaimahai profesional batek erabakiko baitu pintxorik onena —aurreko ekitaldietan bezeroek bozkatzen zuten—. Arroka Berriko, Hermandadeko eta Kokartako sukaldariek osatuko dute epaimahaia, eta tabernetara abisatu gabe joango direla jakinaraziko dute gaur, “bezero arrunt bezala joango gara, taberna bakoitzera behin”.
Erdi Aroko Azokarekin bat egingo du lehiaketak aurrenekoz: “lotura tematikoa izango da”, erantsi du alkateak.
Ez patatarik, ez tomaterik
Erdi Aroko pintxoen berezitasun nagusiena da, bere izenak ondo azaltzen duen bezala, garai hartan Iberiako penintsulan ezagutzen ziren osagarriekin prestatu behar dela. Hau da, ezin dira erabili Colon Amerikara iritsi ondorengo jakiak. Horietako asko maiz erabiltzen dira ohiko pintxoetan, hala nola, patata, artoa, tomatea edo txokolatea.
Parte hartzaileak
- Danontzat. Trikuharri
- Enbata. Galeper mokadutxoa potxa-kabian
- Hondar. Behi buztan hostopila eta zerba orri-mamia gazta lauzekin
- Itsaspe. Txipi-txerri
- Kai Zaharra. Bakailao ostra
- Larra. Bistrot
- Obispo. Obispoko txerri-hankak
- Sardara. Zortzikoa
- Txantxangorri. Odolkiz beteriko hostorea
- Gran Sol. Ahate tosta laranjatan