Aurten, 190 erakusketari izango ditu jasangarritasunaren gaineko azokak, iaz baino 23 gehiago. Kanpora ere zabalduko da, Bioterraza gunearekin.
Ficoba txiki geratzen ari zaio Bioterrari. Urtetik urtera erakusketari gehiago ditu, eta aurten 190 izango dira guztira, iaz baino 23 gehiago. Hiru pabiloiak beteta egongo dira, eta horrekin nahikoa ez, eta kanpora ere irtengo da, Bioterraza gunearekin. Sukaldaritza ekologikoarekin lotutako eskaintza izango da bertan: janari beganotik hasi eta tradizionaleraino.
Bioterra ostiral honetan, hilak 3, hasiko da eta igandera arte iraungo du. Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da.
Monica Alday Bioterraren zuzendariak azaldu duenez, hazkunde gaitasunaren mugan dago azoka, eta horregatik, alde kualitatiboari garrantzia handiagoa eman nahi diote, kuantitatiboari baino. Nolanahi ere, aurten, bi aldeak haziko dira azaldu du.
Geobat guneak bultzatuko du hazkundea, iazko erakusketariak ia bikoiztuko baititu aurten; guztira, 43. Gune horretan eraikuntza eta energia berriztagarriak lantzen dira.
Bertako ekoizleen presentzia ere bermatuko du Bioterrak, eta hamabost, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik etorriko dira, eta zortzi, Nafarroatik.
Hainbat berritasun ere ekarriko ditu aurtengo azokak, eta horietako bat Biobeauty gunea izango da. Kosmetikako kontsumo jasangarriari tokia egingo diote bertan, elikadura, osasuna eta beste hainbat gairekin batera.
Horrez gain, Bioterra kontsumo jasangarriarekin lotuta dauden beste azoketatik ezberdin egiten duena ekintzak direla azaldu du Aldayk. Hala, hainbat hitzaldi eta tailer egingo dituzte hiru egun horietan. Hitzaldien artean landuko diren gaiak hirigintza eta arkitekturak bizi kalitatea hobetzeko duten zerikusia, energia eraginkortasuna, hormonek osasunean duten eragina, elikadurak osasunean duen inpaktua eta klima aldaketa izango dira.
Tailerrei dagokienez, adobeak fabrikatzen edo autokonposta egiten erakutsiko dute, besteak beste. Programa osoa
hemen.
Agerraldian parte hartu dute Aldayrekin batera Ander Sarratea Ficobako gerenteak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Jose Antonio Santano Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidenteak eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politiketako sailburuordeak.
Aldundiak nahiz Jaurlaritzak nabarmendu dute Ficoba bi erakundeetan arlo horretan egiten ari diren lanak ezagutarazteko baliatuko dutela. Hain zuzen, Santanok nabarmendu du Bioterrak hiru instituzioen arteko elkarlana bultzatzen duela.
Azkenik, udalak ere “Bioterraren eraginaren ondorioz”, hirian energia jasangarritasunaren aldeko pausuak eman nahi dituela adierazi du, eta hiri garraioaren %100 jasangarriak izateko urratsak egiten ari dela jakinarazi du.
Bioterraren aurkezpena: Ander Sarratea Ficoba gerentea, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, Jose Antonio Santano Ficoba Fundazioko presindentea, Bittor Oroz Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea eta Monica Alday Bioterrako zuzendaria.