Joxe Mari Lopetegi Irungo bertsolariaren lana eta bizitza jendarteratzen ari Txingudi Bertso Eskola. Ekainaren 10erako ibilbide gidatua antolatu dute.
Joxe Mari Lopetegi (Irun, 1875-Arrueta-Sarrikota, Nafarroa Beherea, 1942) ez ohiko figura izan zen. Eta, agian, horregatik, ia ezezaguna da, baita bere jaioterrian ere.
Besteak beste, bertsolaria izan zen Lopetegi, eta aitzakia hori hartuta, Txingudi Bertso Eskolako kideek haren figura lantzeari ekin diote ikasturte honetan. “Bat-bateko bertsolaritzaz gain, tailer edo antzekoren bat egin nahi zuten”, azaldu du Xabier Bengoetxea bertso eskolako kideak. “Tailer horretan gai jartzaileen lana nolakoa den, nola puntuatzen den eta abar azaldu nahi zuten. Lau lagun elkartu ginen lehenengo egunean, eta Aitor Errazkinek agindu zigun gustuko bertsolari baten bertsoak eraman behar genituela. Batek Joxe Mari Lopetegirena eraman zuen. Bagenuen gogoa Lopetegirekin zerbait egiteko, eta denbora pasa ahala, pisua hartzen joan zen”, azaldu du.
Joxe Mari Lopetegi, 1914ko argazkian.
Lopetegiren figura landu duten jende askorik ez dago. Joseba Tapiak irundarraren hiru bertso sorta kanta bana bilakatu zituen, eta Irunabar bertso eskolak beste bat. Horrez gain, Joxean Elosegi irundarrak lan mardulena argitaratu zuen 2003an: Lopetegiren bizitzari buruzko liburua.
Bertso eskolakoak Elosegirekin jarri ziren harremanetan, bertsolariaren bizitzan sakontzeko helburuz. Bertsoen testuingurua ongi azaldu zien Elosegik, eta bertso eskolako kideak gehiago zentratu ziren bertsoen egituran: osaketa, gaia, alor poetikoa, garaiko doinuak…
Eskolatik kalera
Behin bere figura landuta, konturatu ziren Lopetegiren jaioterrian bertan ez zela batere ezaguna. “Ikasturte erdialdean konturatu ginen ordura arteko lanak ez zuela guretzako bakarrik geratu behar”, gogorarazi du Bengoetxeak.
Horrela, Lopetegiren jaiotzaren zein heriotzaren egunak barnebiltzen dituen hilabete eta luzean ekitaldiak egitea erabaki zuten. Apirilaren 13an —II. Errepublikaren Egunaren bezperan—?Lopetegiri buruzko hitzaldia eman zuen Elosegik. Bengoetxea: “Jende dezente bildu zen, eta harekin taxuzko hasiera eman genion”.
Gizon “poliedrikoa” zen Lopetegi. Zituen ertzen artean bazituen kontraesanak, bertso eskolako kidearen arabera: “Adibidez, errepublikazalea zen, eta aldi berean, euskaltzale amorratua. Irungo espainolizazioa ikusi zuen. Trenbidea Irunera iritsi zenean, jende asko etorri zen lanera. Irun %100 euskalduna izatetik, euskara bazterreko hizkuntza izatera pasatu zen”.
Erabiltzen zuen euskarari dagokionez, garaiko gainontzeko bertsolarien antzeko hizkera zuen, nahiz eta Irungo hitz batzuk sartzen zituen. “Nabari da gainontzeko bertsolariak ezagutzen zituela, eta antzeko hizkera erabiltzen zuen”, azaldu du.
Horrez gain, erreferente politiko guztiak Espainian eduki arren, euskarari ama deitzen zion, figura poetiko bezala. Laikoa zen, baina, era berean, Ama Birjinari ere abesten zion.
Ezkerreko liberal errepublikanoa izan zen, eta Irungo Udalean zinegotzi aukeratu zuten. Ogibidez, berriz, kontratista zen: “Ez zen aberats-aberatsa, baina ekonomikoki ongi bizi zen. 1936ko Gerra hasi zenean, Irundik alde egin behar zuen. Agirre lehendakariari eskutitzak idatzi zizkion Nafarroa Behereko bizitza errazteagatik. 1942an Arrueta-Sarrikotan hil zen, eta familia Irunera etortzerakoan, 125.000 pezeta eskatu zizkieten. Dirutza zen orduan”.
Ibilbidea
Zituen erpin horiek guztiak datorren ekainaren 10ean azalduko dituzte. Izan ere, Lopetegiren lana eta bizitza dibulgatzeko beste urrats bat egingo dute. Ibilbide bat antolatu dute bertso eskolako kideek, eta Auntxa trikiti eskolakoek lagunduko diete bidean.
Santiago Kaleko lehen zenbakidun etxean jaio zen Lopetegi, 1875ean.
18:30ean jarri dute zita, udaletxean. Bertan zinegotzi izan zelako hartu dute abiapuntu gisa. Izan ere, sei puntu aukeratu dituzte, guztiak Lopetegiren ibilbidearekin zerikusia izan zutenak. Gainera, horietako bakoitzean bere bizitzaren arlo bat azalduko dute. Santiago kaleko lehen zenbakiko etxean —Lopetegiren jaiotetxean— bukatuko dute bertsoek eta musikak alaituko duten ibilbidea. Gainera, haren bertsoen kontextualizazioa ere egingo dute.
Ez dira aurtengo ekitaldi bakarrak izango. Dibulgazio jardunaldiekin bukatzeko jaialdi handi bat egin nahi dute. Hasiera batean, datorren hilabetean bertan izango zen, baina patxadaz hartu eta ongi prestatze aldera, udazkenera arte atzeratu dute jaialdia.
“Tamaina handia hartu du”, ohartarazi du Bengoetxeak, “eta horregatik gauzak lasaiago prestatu nahi ditugu”. Izan ere, ikasturte bukaera da musika eskolan, eta ikasleak lanpetuta daude.
Horrela, goi mailako musikariek hartuko dute parte jaialdi horretan. Tartean, Iñaki Aranagaren soinu ikasleek eta Auntxa taldekoek. Gainera, hainbat bertsolarirekin ere harremanetan jarri dira, udazkenera begira, baita euskalgintzako taldeekin eta beste eragile askorekin ere. “Ate asko jo ditugu. Adeitasunez ireki dizkigute guztiak”, gaineratu du.
Joxe Mari Lopetegi ezagutarazteko bigarren saiakera hasi besterik ez da egin. Txingudi Bertso Eskolako kideak espero du udalak noizbait aitortza egingo diola bertsolari errepublikarrari. Momentuz, haren ibilbidea herritarren artean hedatzen hasi dira.