Aurrera doa Hondarribia Dantzan jaialdia.
Orrazkera tailerra egin zuten atzo Kultur Etxean, Hondarribia Dantzan jaialdiaren barruan
Aurrera doa Hondarribia Dantzan jaialdia. Asteburua hurbiltzen doan heinean giroa berotuz doa herrian, Kemen Dantza Taldeak antolatutako jaialdiaren hamargarren urteurreneko ekitaldi nagusiak larunbat eta igandean iritsiko baitira (ikusi egitaraua behean).
Baina aurretik, gaur ostiralez, Kemeneko musikariek kontzertua emango dute Obispo plazan, 20:00etan (eguraldi txarra eginez gero udaletxeko arkupeetan). Lehen aldiz izango da Hondarribian dantzaririk gabe arituko direna.
Atzo arratsaldean, berriz, orrazkera tailerra egin zuten Kultur Etxean. Bakoitzaren ile motaren arabera nola orraztu, zapiak janzteko era desberdinak… horrelakoak ikasi zuten. Hamargarren urteurreneko berrikuntzetako bat izan da orrazkera tailerra eta, oso interesgarriaz gain, arrakastatsua ere izan zen. Dantza jantzien erakusketaren ondoko gelan egin zuten tailerra, aurtengo dantza taldeen proiekzioak egiteko erabiltzen ari direna; gaur da azken eguna erakusketa bisitatzeko.
Esan bezala, bihar eta etzi izango dira ekitaldi esperatuenak, dantzariak jardunean ikusteko aukera. Orotara 400 pertsonek parte hartuko dute asteburuko ekitaldietan, 350 dantzari —100 gonbidatu eta Adaxka taldeko 250 haur— eta beste 50 musikari inguru. Hamargarren urteurrenerako esfortzu berezia egin behar izan dute Kemen Dantza Taldeko kideek. Mikel Buttonek azaldu duenez, orain arteko laburbildu eta ahalik eta aniztasun handiena irudikatu nahi izan dute.
Zeintzuk dira Hondarribia Dantzan jaialdiko helburu nagusiak?
Kemenen helburuetako bat da euskal tradizio dantzatua zabaltzea eta jendeak tradizio horretan parte hartzea. Hondarribia Dantzan egiten hasi ginen garai hartan herrian ez zegoelako horrelako espresio biderik. Ez zegoen aukerarik ez Euskal Herriko txoko desberdinetako dantzak ikusteko, ezta dantza horietan parte hartzeko ere, herritarrek dantza egiteko.
Kemen eskualdeko talde bezala ikusita, gure buruari planteatu genion horrelako zerbait egitea Hondarribian. Herri ezberdinetako, txoko ezberdinetako dantzak Hondarribiko jendeak ezagutzea, hori da helburua, daukagun aniztasun hori, zonaldeen arteko desberdintasunak ezagutzea, ez bakarrik herrien artean, baita kostaldearen eta mendialdearen artean, dantza, musika tresnak nola aldatzen diren eta zein antzekotasunak dituzten. Hori erakusten aritu gara urte hauetan.
Hamar urte betetzen dira aurten. Zer nolako balantzea egiten duzue?
Pozik gaude, eta horregatik planteatu genuen aurten egitea egin duguna. Ideia izan da atzera begira egitea hamargarren edizio honetan, azken bederatzi urtetan egindakoa laburbiltzea eta aurkeztea. Larunbatean dantzatuko duten taldeak aurreko edizioetan parte hartutakoak dira, erakusketan jantzi ditugun jantziak haiek erabiliko dituztenak dira, euren dantzak proiektatzen ari gara —Kultur Etxean, erakusketaren ondoko gelan—, jendeak dantza horiek ezagutu ditzan, hitzaldirako [Jose Antonio] Urbeltz aukeratu dugu aurretik egon izan delako… Batetik, labur bilduma bat egin nahi izan dugu, eta bestetik, nahiz eta ezinezkoa izan, irudikatzea ahalik eta errealitate zabalena, eta horregatik datoz oso ezberdinak diren herriak, dantzak, jantziak… musika bera ere oso desberdina da.
Bilduma hori egin duzue, eta zenbait ekitaldi berri. Esfortzu handiagoa egin behar izan duzue aurten?
Esfortzua beti da, gainera kontuan hartuta ez dela gure lana, gogoz egiten dugun zerbait da, baina gure afizioa. Egia da taldekideok asko inplikatu garela, eta denon artean atera dugu hau aurrera. Ilusioarekin eta gogoz zerbait egiten denean, sentsazioa izaten da ez dela hainbesteko lana.
Gurasoek, herritarrek eskertu izan du beti Kemenen lana. Horrek indarra emango du…
Bai, azkenean polita da ikustea zerbait antolatzen duzula eta gurasoak oso gustura geratzen direla emaitzarekin. Larunbatean erromerian jendeak parte hartzen duela, beste batzuk ikustera hurbiltzen direla… Hala ez balitz emango zukeen interesik ez dagoela, eta aldiz, ez dagoena eskaintza da, eta eskaintza hori badenean jendeak gogoz erantzuten du.
Hondarribia Dantzan. Asteburuko ekitaldiak
- Hilaren 23tik 27ra. Kultur Etxean, jantzi erakusketa.
- Hilak 27, ostirala. Obispo plazan, Kemeneko musikarien kontzertua, 20:00etan.
- Hilak 28, larunbata. Hondarribiko kaleetan zehar, kalejira eta dantza erakustaldiak, 10:30etik aurrera. Biasteri, Cortes, Iurreta, Baigorri eta Legazpiko dantza taldeekin. 12:30ean, dantza agerketa Santa Maria Madalena plazan. 20:00etan, erromeria Santa Maria Madalenan.
- Hilak 29, igandea. Adaxka (Kemenen harrobia) Eguna. 11:00etatik aurrera, kalejira. 12:00etan, Arma Plazan, agerketa.