Larunbat eta igandean egingo dute 6. Bikingo Eguna Kai Zaharrean. Irristatze kirolen festa handia espero da.
Rio Bidasoa hotelean aurkeztu zuten atzo 6. Bikingo Eguna
Bikingo Egunaren seigarren edizioa egingo dute asteburuan Hondarribian. Bada urte batzuk eguna izatetik asteburu izatera pasa zela, eta aurten ere HS2 Eskolak egitarau zabala prestatu du, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Atzo aurkeztu zuten Rio Bidasoa hotelean eta bertan izan ziren Iñaki Navascues, Edu Vidarte eta Javi Gomez HS2ko kideak, eta Kalixa Silanes Kirol zinegotzia.
Navascues da HS2ko arduradun nagusia eta atzo azaldu zuenez, gazte nahiz helduentzak izango da zer ikusi eta zer praktikatu seigarren Bikingo Egunean: “Orain arteko ekitaldiak partehartze aldetik onak izan dira, eta aurtengorako prestatu dugun egitarauarekin gehiago izango dira. Haur eta gazteentzat hainbat SUP ekimen egongo dira larunbatean, eta igandean aldiz helduentzat zentratu dugu”.
Irristatze kirolak zabaltzen lan handia egin du HS2 Eskolak eta Silanesek lan hori nabarmendu du: “Ohiko kirol mediatikoetatik urrun, badira beste kirol alternatibo batzuk, hauek bezalakoak. Hori dela eta, Hondarribian guretzat Bikingo Eguna antolatzea gauza ona da, eta hiritar eta bisitariak deitu nahiko nituzke bertaratzeko eta parte hartzeko”.
Aurten ere Kai Zaharrera hurbildu beharko da Bikingo Eguna ikusteko asmoa duenak. Txapelketei dagokionez, igande goizeko Espainiako SUP Kopa nabarmendu behar da, maila eta modalitate guztietan eta 6 eta 12 kilometroko distantziako lasterketekin. Eta gainontzeko ekitaldien artean, Axi Muniainen presentzia izango da; Carver skate erakustaldia emango du surflari zarauztarrak.
Egitaraua
Larunbata
- 11:30–14:00. SUP Kopa Kids txapelketa, 10, 12 eta 14 urtez azpikoentzat.
- 14:00–14:30 #Izangood. Artzai Gomezen —Aritz Aranbururen managerra— hitzaldia kirolarientzako elikadura osasungarriari buruz, uretako kirolei zuzendua.
- 14:30. Parte hartzaileen bazkaria.
- 16:00-17:00. SUP Irekia, sprint modalitatean. 18 urte azpiko eta gorakoentzat.
- 17:30-20:00. Carver Skate. Axi Muniainen erakustaldia eta ondoren txapelketa, 18 urtetik beherakoentzat.
- 20:30. Surf Edits lehiaketaren 2. ekitaldia. Surfeko film laburrak ikusteko aukera.
- 23:00etan. Bikingo Jaia, Itxaropena tabernan.
Igandea
- 10:00. Izen emateak.
- 11:00. Breafing SUP.
- 11:30. Espainiako SUP Kopa, modalitate eta adin guztietan. 6 eta 12 kilometroko lasterketak. Musika zuzenean Indian feathers taldearekin.
- 14:30. Parte hartzaileen bazkaria.
- 16:00. Sari banaketa.
- 16:30- Txiki Jaia XL, 4 urteko haurrentzat.
- 17:30. DecaSUP XL txapelketa. Taula erraldoiak dira DecaSUP taulak eta bakoitzean bost pertsona lehiatuko dira.
DecaSUP XL taulen txapelketarekin amaituko da Bikingo Eguna