Gazte Zerbitzuak bi gazteren hitzaldiak antolatu ditu. Juanjo Acosta Grezian izan da, eta Oihana Galardi, Beninen.
Errefuxiatuen dramarekin kezkatuta daude Hondarribiko gazteak. Ez errefuxiatuekin bakarrik, baita pobrezia pairatzen duten herrialdeetan bizi duten egoerarekin. Horregatik, geroz eta gehiago dira beste herrialdetara laguntzera joaten diren gazteak, eta horregatik ere, Hondarribiko Gazte Zerbitzuak eta Saindua Udal Gaztelekuak bozgorailua jarriko diete, beste gazteekin euren esperientzia konpartitu dezaten.
Datozen bi ostegunetan bi hitzaldi antolatu dituzte Jabier Ugarte kaleko Gazte bulegoan, eta bietan gazte boluntarioak izango dira protagonista. “Solidaritatea oinarri hartuta, Juanco Acosta eta Oihana Galardik Siriako errefuxiatuen eta Afrikan bizi den egoera dramatikoak izango dira hizpide”, azaldu du Gazte Zerbitzuak.
Juanjo Acostak irekiko du zikloa. Lesbos irlan izan da Acosta, Salvamento Maritimo Humanitaro sorosle taldearekin boluntario lanak egiten. Turkiatik itsasoz iristen ziren boluntarioei laguntzen aritzen da SMH taldea Lesbosen, eta bere esperientzia kontatuko du hondarribiarrak ostegun honetan, ‘Errefuxiatuen drama Hondarribiko gazte boluntario baten ikuspegitik’ hitzaldiaren bidez.
Eta hurrengo astean, ekainaren 2an, Oihana Galardiren txanda izango da. ‘Afrika bizi, Afrikan bizi, afrikarrekin bizi; boluntariotza, bizi esperientzia bat’ izango da bere hitzaldiaren goiburua.
Bi hitzaldiak, Acostarenak nahiz Galardirenak, 17:30ean hasiko dira, eta sartzea libre izango da. Informazio gehiago nahi duenak, Gazte Zerbitzuan eska dezake, 943 64 47 52 telefono zenbakira deituz, edo posta elektronikora idatziz.
Lesboseko esperientzia kontatuko du SMH taldeko Juanjo Acosta gazte hondarribiarrak