Ostegun honetan erromanizazioari buruzko atala emango dute Kultur Etxean, eta hurrengoan, Nafarroako erresistentzia lantzen duena.
Alberto Santana, ‘Baskoniako historia bat’ saioko zuzendari eta aurkezlea
Hondae elkarteak antolatuta, Alberto Santana historialariak zuzenduriko Baskoniako historia bat telesaileko bi atal proiektatuko dituzte datozen bi ostegunetan Hondarribian. Etzi (hilak 26), eta ekainaren 2an, “ikerketa eta aurkikuntzaren munduan barrena bidaia erakargarria” egiteko aukera izango dute hondarribiarrek Kultur Etxean.
Hondaeren esanetan, “zehaztasun historiko zorrotzarekin, iraganeko gertakari nagusien agertoki eta protagonistak” ezagutzeko aukera izango da. Proiekzio bakoitzaren ondoren, solasaldiak izango dira, Santana berarekin, eta Hondaeko kide diren Mertxe Urteaga arkeologoarekin —telesailean lagundu du— eta Enrike Lekuonarekin. Bi ekitaldiak ordu berean hasiko dira, 19:00etan, eta sarrera doan izango da.
Aste honetako proiekzioa gaztelaniaz izango da (
Las águilas de Roma), eta erromanizazioaren aurretiko eta ondorengo Euskal Herriko bizitza azalduko du. Hurrengo asterako, aldiz,
Azken bandera euskarazko atala aukeratu dute, Nafarroako erreinuko erresistentziari buruzko lana da, eta arreta handia jartzen du Hondarribian gertatutakoaz.
Hondarribiko ondarearen aldeko taldeak nabarmendu duenez,
Baskoniako historia bat dokumental sortan alor zientifiko ezberdinetako adituk lagundu dute, egitzat jotzen ditugun mitoak gezurtatuz, datu berri eta interesgarriak emateko. “Bestalde, gure lurraldeko irudi ikusgarriek eta birsortze historikoek jantziko dute gure historiaren kontakizun hau”, erantsi du Hondaek.