Irunen koordinatzen den rock aldizkaria Espainiako Estatuko salduena da. Hamahiru urteko ibilbidea darama aldizkariak, eta rockaren hainbat adar aztertzen dituzte hilero.
Long Live Rock abestu zuten The Whoko Townshend, Daltrey, Enthwistle eta Moonek. Izen osoa erabili zuten —
Long Live Rock and Roll— Rainbow taldekoek. Eta rockari betiko argia emanez, edo bizitza luzatzen laguntzen saiatzen darama, 2003tik,
This is Rock aldizkariak.
Nazioarteko kolaboratzaile sarea baldin badu ere, Irunen sortu zen. Handik zuzentzen du aldizkaria Juan Carlos Perezek. Ez du argazkirik nahi, “talde lanaren emaitza” baita aldizkaria. 2003an sortu zuen, aurreko esperientzietako eskarmentua kontuan hartuta. Harley Davidson motorretan espezializatutako
Biker Zone aldizkarian aritu zen Perez: “Biker Zone sortu genuen 1993an, eta orduan jasotako esperientziarekin sortu nuen
This is Rock.
Biker Zone oraindik ongi saltzen da, eta horko erredakziotik beste hainbat argitalpen sortu dira. Benetako erreferente izan da nazioarte mailan”.
‘This is rock’-en apirileko zenbakia.
Rock mundua oso zabala denez,
This is Rock izar handietan espezializatuta dago, baina etorkizuna izan dezaketenei ez diete muzin egiten. Hori bai, Perezek argi utzi du eurena “entretenitzeko” aldizkaria dela, “ez promozioa egitekoa”. Aldizkariaren helburuei buruzko xehetasunak eman ditu: “Gure aldizkaria, aldizkari eta komunikabide bezala, gure irakurleentzako ezinbesteko izatea da”. Horretarako rockaren adar nagusiei buruzko informazio “ahalik eta zabalena” eskaini nahi dute: hard rock, heavy metal, prog rock, blues rock…
Kalitatezko edukia
This is Rock-en edukia erabakitzeko orduan, “kalitatezko elkarrizkei eta sakoneko erreportajeei” ematen diete lehentasuna. Hori bai, “mintzaira heldu batekin”. Irizpide bakarra “kalitatea eta esklusibitatea” dela azaldu du Perezek: “Gure hileroko helburua ahalik eta aldizkari onena osatzea da, dosifikatu gabe, eta beti saiatzen gara erreferente onenengana iristen, ditugun baliabideekin”.
Ez du uste rockzaleak zaletasunak dituzten gainontzeko pertsonengandik asko ezberdintzen direnik. “Orokorrean, jendea kalitateari eta gustuko duenari fidela da.
This is Rock aldizkari serio eta kitzikagarri den artean, eta ongi diseinatuta eta idatzita jarraitzen badu, irakurleen nahiak beteko dira. Bestela erosteari utziko diote”, ohartarazi du.
Aldizkaria egiteko baliabideak mundu osoan barrena barreiatzen dira. Kolaboratzaile sare sendoa du
This is Rock-ek. Elkarrizketatzaileek esperientzia eta ezagutza izatea ezinbestekoa da, “egoak asetzea baino”, Perezen ustez. “Kolaboratzaileen artean ditugu Mick Wall —biografia onenen egile, eta
Mojo edo
Classic Rock-eko erredaktorea—; Steven Rosen —Led Zeppelinen
Starship-en bidaiatu zuen—Peter Makowski —Deep Purplekin egin zituen hainbat bira—… Argi dugu horiek direla elkarrizketa bat modu egokian gidatu dezaketenak”, esan du. Estatuko arloko “sinadura onenak” ere biltzen dituzte aldizkarian, eta horrek erreferente bilakatu dituela ziurtatu du aldizkariaren zuzendariak. “Gure kolaboratzaileek munduko onenekin lehiatu eta eurengandik ikasi behar izan dutelako da”, gaineratu du.
Ez da profeta hirian
Lan horren guztiaren fruitua mundu zabalean jasotzen dute, “Irundik hasi, eta Chiapaseraino, Los Angeleseraino edo Buenos Aireseraino”. Estatuan gehien saltzen den rock aldizkaria da, Rolling Stone-k argitaratzeari utzi zionetik. Perez kexu da, Irungo zein Euskal Herriko liburutegietan jasotzen ez dutelako, “Kataluniako liburutegi onenetan jasotzen duten artean”.
Irungo musika eszena osasuntsu ikusten du, taldeei dagokionez bederen. “Talde interesgarriak daude, baina inork ez die kasurik egiten”, uste du Perezek. Kexu da, baina, emanaldi politikarekin. Bere esanetan, “inork ezagutzen ez dituen taldeekin” egiten dira kontzertuak. Horrek kostu publiko handia duela gaineratu du, eta ez dutela publiko askorik. “Ez dute kanpoko jendea erakarriko duen talderik kontratatzen, eroste ahalmen handia duten bisitariak ekarriko dituena, eta horrela ezin da hiria promozionatu. Hori guztia musika munduaren errealitatearen ezagutzarik ez dagoelako da”, baietsi du aldizkariaren zuzendariak.
1970eko hamarkadan Irunen kontzertu handiak egin zituztela gogorarazi du, bai Urantzu pilotalekuan zein Antzoki Nagusian:?Rory Gallagher, Whitesnake, Magna Carta, John Mayall, Golden Earring… “2016an denak okerrera jo du, eta Irundik harago joango den ezer ez dago. Ez dira gauza asko aldatu Kortatuk
Mierda de ciudad definitu zuenetik…”, iritzi du.
Azkenaldiko rock munduko albiste sonatuenari —Axl Rosek AC/DCrekin fitxatu izana— buruzko iritzia plazaratu du:?”Gure Facebook orrialdean irakurle batek esan zuen bezala, asko gustatuko litzaidake Ribera Duero bat, baita ere Stout garagardo bat, baina ez nituzke sekula nahastuko”.