Hirugarren geratu da Ion Areitio Munduko Kopako lehen proban. Gorka Susperregik 28. postua lortu du.
Podioa zapaldu du Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak Krakow hirian (Polonia) egin den Munduko Kopako lehen proban. Iazko txapelketa lesio baten erruz galdu ostean, lehen aldiz lehiatu da konpetizio gorenean Monty etxeko pilotu ofizial bezala, eta maila bikaina eman du.
Finalerdietan laugarren sailkatu zen Areitio, eta sei onenen finalean emaitza hobetu zuen, podioko hirugarren koskara igoz. Benito Ros nafarrak irabazi du Krakoweko proba, Rick Koekoek nederlandarrari puntu bakar bat aterata —5 zigor puntu Rosek, 6 Koekoekek—. Areitiok 12ko puntuazioa egin zuen finalean.
Rankineko lehen postuan dagoen Abel Mustielesek bosgarren bukatu zuen. Maila oso altua eman zuten Krakoweko finaleko pilotuek, eta hutsak garesti ordaintzen direla argi geratu zen. Aurten finaleraino iritsi nahi duenak, lehen egunetik erakutsi beharko ditu hortzak.
Munduko Kopan lehiatzen den beste hondarribiarra, Gorka Susperregi, gutxigatik ez zen finalerdietarako sailkatu. 28. postuan bukatu zuen ostiraleko final laurdena, eta aurreneko 25ek egiten dute aurrera.
Munduko Kopako bigarren proba uztailaren 30-31an egingo dute Vocklabrucken (Austria).
Benito Ros nafarra da Munduko Kopako lehen liderra
Sailkapena