Hamargarren ekitaldiko talde gonbidatuen jantzi erakusketa bisitatu daiteke Kultur Etxean.
Baigorri, Cortes, Biasteri, Legazpi eta Iurretako jantziak ikusi daitezke
Abian da Hondarribia Dantzan jaialdiko hamargarren ekitaldia. Hamar urte beteko ditu aurten Kemen Dantza Taldearen ekimenak, eta behar bezala ospatzeko moduko egitaraua prestatu dute, Hondarribiko Udalaren laguntzaz. Gaur hasi da jaialdia, ostirala arte Kultur Etxeak gordeko duen erakusketaren irekitzearekin. Aurtengo ekitaldian parte hartuko duten dantza taldeen herrietako jantzien erakusketa muntatu dute Kultur Etxean, eta 09:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke.
Jantziez eta dantzarako erabiltzen dituzten osagarriez gain, talde horien gaineko informazioa bildu dute erakusketarako, eta bideo proiekzioak ikus daitezke, bai dantza talde horienak, baita aurreko urteetako ekitaldietakoak ere.
Aurreko bederatzi urteetan jaialdian izan diren taldeetako batzuek errepikatuko dute aurten. Horrela, Hondarribia Dantzan gorpuzten lagundu dituztenekin gogoratu dira Kemenekoak. Biasteriko Dantza Taldea, Paloteado de Cortes, Iurretako Mikel Deuna Dantza Taldea, Baigorriko Arrola Dantza Taldea eta Legazpiko Sustraiak Dantza Taldea dira aurtengo gonbidatuak. Larunbat goizean elkarrekin ariko dira herriko kaleak musikaz eta kolorez ziprizten.
Hainbat berrikuntzarekin iritsi da Hondarribia Dantzan hamargarren ekitaldira. Erakusketaz gain, kontzertua ere izango da aurten, ostiralean Kemen Dantza Taldeko musikariek Obispo plazan emango dutena. Musika asko zaintzen du Kemenek dantza ekitaldi guztietan, baina taldeko musikariak dantzaririk gabe aritzea ez da ohikoa; ostiralean, beraiek izango dira protagonista. Eta bezperarako, ostegunerako, haur dantzarien guraso eta aiton amonek ondo eskertuko duten ekitaldia antolatu du Kemenek, orrazkera tailerra.
Hamaika aukera izango da euskal dantzez gozateko gaur eta igandea bitartean egingo den X. Hondarribia Dantzanen. Gozatzeko, eta ikasteko ere, helburu hezitzailea ere baitu jaialdiak. Horren adibide da asteazkenean Juan Antonio Urbeltz folkloristak eskainiko duen
Juan Ignacio de Iztueta eta bere garaia hitzaldia. X. Hondarribia Dantzan.
Jantziez gain, aurtengo taldeen gaineko informazioa ere bildu dute erakusketarako
Egitaraua
- Hilaren 23tik 27ra. Kultur Etxean, jantzi erakusketa.
- Hilak 25, asteazkena. Kultur Etxean, Juan Ignacio de Iztueta eta bere garaia hitzaldia, 19:30ean.
- Hilak 26, osteguna. Kultur Etxean, orrazkera tailerra, 19:00etan.
- Hilak 27, ostirala: Obispo plazan, Kemeneko musikarien kontzertua, 20:00etan.
- Hilak 28, larunbata: Hondarribiko kaleetan zehar, kalejira eta dantza erakustaldiak, 10:30etik aurrera. Biasteri, Cortes, Iurreta, Baigorri eta Legazpiko dantza taldeekin. 12:30ean, dantza agerketa Santa Maria Madalena plazan. 20:00etan, erromeria Santa Maria Madalenan.
- Hilak 29, igandea: Adaxka (Kemenen harrobia) Eguna. 11:00etatik aurrera, kalejira. 12:00etan, Arma Plazan, agerketa.