Ficoban izango da, baina hurrengo urtean herrian egitea dela Betti Gottiren nahia adierazi dute aurkezpenean.
Ate joka dira sanmartzialak: hilabete eskas falta da Irun festa giroz josteko. Kuadrilla askok espero duten ekitaldietako bat herri bazkaria da, eta dagoeneko,
Betti Gotti elkartea hura prestatzen ari da. Aurten, ekainaren 25ean (ohi bezala, larunbatarekin) egingo dute, Ficoban.
Gaur goizean egin dute egunaren aurkezpena Ainhoa Ruano eta Nerea Garcia antolatzaileek eta Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak.
Sarrerak 18 euroan egongo dira salgai. Horietatik euro bat errefuxiatuei laguntzeko gordeko dute, eta horri lotuta, beste sorpresa bat ere izango dela aurreratu dute. 1.800 zapi jarriko dituzte salgai, eta aurten Antxeta Irratiaren logoa eramango dute,
15.en urteurrena dela eta.
Ekainaren 3 eta 4an (ostirala eta larunbata) jarriko dituzte salgai EKTn (Larretxipi kalea, 12). Lehen egunean, 18:30etik 20:30era egongo da erosteko aukera, eta bigarrenean, 11:30etik 13:00etara. Gehiago sobratzen badira, aurrerago ere egongo da erosteko aukera. Adin txikikoei ez erosteko aholkatu diete. Ezingo dira sartu, eta egunean bertan, ikuskatzen ariko direla ohartarazi dute.
Sari potoloak
Aurtengo kolorea berde argia izango da, eta zapiarekin batera, look-a biribiltzeko, noski, kamiseta ezin da falta. Aurten ere diseinu onenak sarituko dituzte, baina bandera nahiz pankartak ere egin ahal izango dira. Orijinaltasuna eta euskaraz jarritako esaldiak kontuan hartuko dituzte.
Iaz bezala, astebete aurretik, ekainaren 18an, kuadrillen arteko herri olinpiadak egingo dituzte. Finalak, ekainaren 27an jokatuko dituzte.
Bi kasuetan irabazleek Port Aventurara bidaia irabaziko dute.
Bazkaria herrian egitea amets
Aurten ere Ficobako hiru pabilioiak erabiliko dituzte: bi bazkarirako eta bat ondoren izango diren kontzertuetarako: Haitzama eta DJa. Edonola ere, antolatzaileen ametsa hurrengo urtean herrian egitea dela aurreratu dute: “Planteamendu aldaketa handia egin beharko da, eta Irungo Udalari babesa eta laguntza eskatu nahi dizkiogu”.
Boluntarioak
Herri bazkaria ezingo litzateke aurrera eraman boluntarioengatik izango ez balitz. Antolakuntza lanetan ari dira dagoeneko batzuk, baina egunean bertan 30 lagun inguru ariko direla azaldu dute. Horiekiko errespetua eskatu dute bai antolatzaile nahiz Eizagirre zinegotziak: “Beren denbora librean ariko dira, eta beraiek ere festan eta ondo pasatzera joango dira”.
Edonola ere, boluntario gehiago egotea ere eskertuko dute, batik bat kalejirarako ari dira bilatzen, eta horretarako posta elektroniko bat bidali behar da
Betti Gottira.
Betti Gottik antolatutako sanmartzialetako herri bazkariaren aurkezpenean Juncal Eizagirre, Nerea Garcia eta Ainhoa Ruano.