Krakow hirian (Polonia) hasiko da bike-trialeko Munduko Kopa. Gorka Susperregi ere lehiatuko da.
Bike-trialeko Munduko Kopako ekitaldi berri bat hasiko da asteburuan Krakow hirian (Polonia), eta bertan lehiatuko dira Ion Areitio eta Gorka Susperregi hondarribiarrak, gizonezkoen 20″ Elite Mailan biak. Larunbatean final laurdenak jokatuko dituzte, eta igandez, finalerdiak eta finalak.
Finalerako sailkatu nahi du Areitiok, eta urtebeteko hutsunearen ondoren gorenera itzuli. Bigarren urtea du Monty etxeko pilotu ofizial bezala, baina lehen aldiz ariko da Munduko Kopan Kataluniako taldearekin, iaz min hartuta ibili zelako.
Joan den asteburuan Frantziako Kopako lehen proban lehiatu zen Areitio, Poitiersen, eta lehen postua lortu zuen. Bizikleta berria du aurten hondarribiarrak, M5 izenekoa, eta Poitiersen oso gustura aritu zen: “Munduko Kopako estreinaldiari begira saio oso ona izan da”, adierazi zuen Areitiok.

Ion Areitio, joan den asteburuan, Frantziako Kopa Poitierseko proban