Txirrinka azpiegitura erraldoien kontrako bizikleta martxa da, eta Euskal Herria zeharkatuko du, lau zutabetan, gaurtik igandera. Bidasoa eta Oarsoaldea ere igaroko ditu, gaur arratsaldean.
Txirrinkaren aurkezpena, Hendaian tren geltokian. (Argazkia: Gari Garaialde)
Kolore grisa berdea jaten ari da azken hamarkada luzeetan, bai Euskal Herrian baita mundu osoko hainbat tokitan ere. Industria eta ekonomia garapenari lotuta egon da eta dago oraindik ere hormigoia, eta horrek lurrari kendu dio tokia. Eredu hori, ordea, ez dute partekatzen Txirrinka egitasmoa bultzatzen dutenek. Hala, Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu lelopean, Euskal Herria zeharkatuko dute bizikleta gainean, hiru egunez, gaurtik hasita.
Azken urteetan azpiegitura erraldoien hainbat adibide egon dira Euskal Herrian: AHT, fracking-a, Garoña, errauste plantak, goi tentsioko lineak… «Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi», adierazi du Beatriz Arana Txirrinkako Bidasoko antolatzaileak: «Azpiegitura horiek bultzatzeko erabilitako baliabideak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar da, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz».
Gizartearen premiak geroz eta handiagoak direla gogorarazi du Josu Pikabea Txirrikaren Oarsoaldeko antolatzaileak, bai etxebizitza arloan, osasungintzan, eta bereziki, pobrezia eta prekarietateak zuzenean jo duen garai honetan: «Lurraren defentsa eta gizarte justu baten aldeko borroka bat datozela uste dugu, eta elkarrekin egin behar dugula lan».
Azpiegitura erraldoi horien guztien kontra egiten diren bakarkako borrokak ere elkartu nahi ditu Txirrinkak, Pikabeak azaldu duenez. «Aurten AHTa izango da protagonista, nahiz eta beste proiektuak ere kontuan hartuko diren. Urtez urte beste proiektuetan zentratuko gara», gaineratu du.
Aurten lehendabiziko urtea izango du Txirrinkak, baina Pikabeak aurreratu duenez, asmoa bi urtean behin egitea da, justu Korrika bezala, baina euskararen aldeko ekintza gauzatzen ez den urteetan: «Lehenbiziko urtea da, gauza berria da, eta ez dakigu zein harrera izango duen. Nahiko genuke urtetik urtera indartzen joatea, geroz eta ezagunagoa den neurrian».
Lekukoa eskutik eskura
Korrika oinarrian izan du Txirrinkak, eta hori bezala, lekukoa eskutik eskura pasatzen joango dira herriz herri. Lau zutabe irtengo dira, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Ipar Euskal Herri-Gipuzkoakoa, eta guztiak Bergaran elkartuko dira etzi, Euskal Y-aren adar guztiak elkartzea aurreikusita dagoen puntuan. Zutabe guztiak bihar aterako dira, Ipar Euskal Herri-Gipuzkoakoa izan ezik, gaur aterako baita, Hendaiatik, 17:00ean. Hortik ateratzeak ere badu sinbolikotik, eta Ipar Euskal Herriko AHTaren kontrako borroka kontuan hartu nahi izan dutela azaldu du Oarsoaldeko Txirrinkaren antolatzaileak.
Hendaiatik Irunera egingo du bizikleta martxak. Gaintxurizketatik sartuko da Oarsoaldera, eta handik Donostialdera. Herri bakoitzean lekukoa talde batek edo gehiagok hartuko dute. Horiek dagoeneko lotuta daude, baita bakoitzak lekukoa hartuko duen tokia eta ordua ere (ikus hirugarren orrialdeko zutabean). Etengabe egongo dira martxan bizikleta gainean, baina gauean geldialdia egingo dute. Lehenengo egunean Donostian egingo dute lo, eta bigarrenean gaua Urretxun pasatuko dute.
Dagoeneko lekuko aldaketak zehaztuta dauden arren, talde horretako partaide izan ala ez, edonork har dezake parte Txirrinkan, haur, gazte, heldu edo taldeek. Bakoitzak nahi duen tartea egin dezakeela zehaztu dute antolatzaileek. Horiek laburrak direla, gehienez ere 7-8 kilometrokoak, eta erritmo lasaiean joango dira.
Norbaitek tarteren bat egiteko aukerarik ez balu, baina parte hartu nahiko balu, Bergarara joateko deialdia egin dute. Igandeko 12:00etan manifestazio bat abiatuko da Angiozarrera (Bergarako auzoa da), eta han bertan bazkaria egingo dute. Norbaitek bazkarian parte hartu nahiko balu,
email honetara idatz dezake, edo 639 11 31 77 (Bea) telefono zenbakira deitu.
Atxikimenduak
Proiektuaren bultzatzaile nagusia AHT Gelditu plataforma da, baina Txirrinka antolatzen hamaika talde dabiltza. «Herri edo bailararen arabera, proiektu ezberdinak daude, eta horren aurkako taldeek ere esku hartu dute», azaldu du Pikabeak. Esaterako, errauste plantaren aurkako plataformak edo Donostialdeko metroaren kontrako bizilagunak aipa daitezke.
Horrez gain, herriz herri lekukoa pasatuko dutenez, herri horietako taldeek ere bat egin dute proiektuarekin: Irunen, Lakaxita eta Katea-Landetxako auzo elkarteak; Lezon, Gaintxurizketako plataforma logistikoaren kontrako taldeak eta Errenteria-Oreretan, Oarso Taldeak.
Edonola ere, atxikimenduak biltzen jarraitzen dute, eta norbaitek bat egin nahi badu, nahiz eta bizikleta martxan ez parte hartu, Txirrinkaren webgunean aurki dezake bat egiteko moduak. Hamarnaka talde, alderdi politiko eta sindikatuk agertu dute euren atxikimendua.
Orain, gurpilak lurrean pausatuta, Txirrinka egitea besterik ez da falta, Euskal Herri guztia garraio, energia, hondakin eta bestelako proiektu erraldoietatik kanpo nahi dutela erakusteko.
Oarso Bidasoa ere proiektu erraldoien eraginpean
LZParen kontrako manifestazioa, Lezon.
Txirrinkak Oarso Bidasoa zeharkatuko du gaur. Bi eskualde horiek ez dira salbuespen, eta biak ala biak azpiegitura erraldoien jomugan daude, batik bat duten kokapen estrategikoarengatik. Hamarkada hauetan diseinatutako hainbat proiektuk ere bete-betean joko dute Oarsoaldea eta Bidasoa, eta horren adibide dira Lurraldeko Zatikako Plana (LZP), Abiadura Handiko Trena edo Gaintxurizketako plataforma logistikoa.
Azken urteetan mobilizazio ugari egin dituzte herritarrek azpiegitura horien kontra, bizikleta martxak, elkarretaratzeak… Horrez gain, talde zehatzak ere sortu dira, Gaintxurizketako plataforma logistikoaren kontrako herritar taldea horren adibide da.
Bi eskualdeak «horrelako proiektu txikitzaileetatik» kanpo nahi dituztela esan dute Txirrinkako kideek. Josu Pikabea Oarsoaldeko Txirrinkaren antolatzaileak LZParen adibidea jarri du: «Hori gauzatuko balitz 1.300 hektarea [Donostialdea, Oarsoaldea eta Bidasoari eragiten dio] lur suntsituko lirateke: garraiorako bide berriak, azpiegitura berriak, industrialde berria, errauste planta…».
Bertako nahiz kanpoko erakundeak «lurraren okupazio bortitza eta zonaldearen artifizializazio orokorra» bultzatzen duten ereduak aurrera eramaten ari direla esan du Beatriz Arana martxaren Bidasoko antolatzaileak, eta «ekonomia kapitalista globalizatuaren aginduak» betetzen dituztela.
Irun, zehazki, horren eraginpean dagoela gogorarazi du Aranak, salgaien fluxua bertatik igarotzen delako, eta garraio mota askotaren pasabide delako. AHTak ere bertatik igarotzea nahi dutela esan du, eta udalaren ametsa Irunen geltokia izatea dela adierazi, «eta horren aitzakipean Tren Eremu Berria eraikitzea: etxebizitzak, hotelak, berriro merkatalguneak… alegia».
AHT Gelditu Elkarlanaren protesta, Ficoban, Expologistica 05 kongresuan. (Argazkia: Gari Garaialde).
Irunen barruan dagoen beste proiektu bat ere hizpide izan du Aranak, Hegoaldeko pasabidearena: «Honek Irungo erdialdea erditik zeharkatuko luke hesi efektoa sotuz, eta orain nahiko lasai diren auzoak zatikatuz eta beraien auzokideen bizitza estresatuz». Zentzu horretan, halako azpiegiturek bizi kalitatea kaltetzen dutela iritzi dio Txirrinkaren antolatzaileak.
Gainean dauden proiektu horien aurrean, lurra ez dutela agintarien esku utzi nahi adierazi du, «hauek ezagutzen duten eredu bakarra lurraren txikizioa eta okupazioarena da».
Gauzak horrela, Txirrinka bezalako egitasmoak beharrezkotzat jo ditu, «beste jendarte eredu bat nahi dugulako». Eredu horrek landa eremuak errespetatuko lituzkeela eta pertsonen zerbitzura egongo litzatekeela esan du. Era berean, lurrarekin harremana duten jarduerak bultzatuko lituztekeela proposatu du, kooperatiba agroekologikoak, esate baterako: «Hau larriagotzen denean ez da erregairik izanen pasabideak funtzionatzen jarraitzeko, eta etorkizuna, lurraldean egongelak landu dituztenena izanen da».
Bost aholku, Txirrinkarako
Antolatzaileek hainbat gomendio egin dituzte.
Lotarako tokia eta janaria. Lotarako tokia (lehen egunean Antiguako gaztetxea eta bigarrenean Urretxuko ostatu bat) nahiz janaria egongo da.
Puntualtasuna. Lekuko aldaketa baino ordu erdi lehenago joateko eskatu dute.
Lekukoak. Hartzaileak dortsala eramango du eta aldaketa egiteko tropela geldituko da.
Segurtasuna. Tropela trinkoa izan behar da eta ezin da beste karrilera pasatu.
Eramatekoak. Arropa, ura, janari energetikoa, ordezko kamara bat, partxeak, puzgailua eta lo zakua (gaua igaroz gero). Kaskoa beharrezkoa da.
Gaurko ordutegia
Bidasoa
- 17:00. Hendaiatik abiatuko da, eta CADE elkarteak hartuko du lekukoa lehen aldiz.
- 17:10. Irunera sartuko da
Txirrinka, Santiago zubitik, eta AHT Geldituk hartuko du lekukoa.
- 17:45. Lakaxita gaztetxean egingo du geldialdia, eta bertako kideek hartuko dute lekukoa.
- 18:00. Kateara iritsiko da martxa, eta Katea-Landetxako auzo elkarteari pasatuko diote lekukoa.
- 18:30. Gaintxurizketako plataforma logistikoaren aurkako taldeari pasatuko diote lekukoa, Gaintxurizketako biribilgunean.
Oarsoaldea
- 18:45. Lezoko Gurutze Santuaren plazara arteko bidea egingo du Txirrinkak, eta lekukoa Txerrimuño kolektiboko kideek hartuko dute, beste zenbait herritarrekin batera.
- 18:55. Errenteria-Oreretan, Oarso Taldeko kideek hartuko dute lekukoa, Niessen merkataritza zentroaren kanpoaldean.
- 19:35. Herrerara iritsiko da Txirrinka, Errenteria-Oreretako zenbait auzotik pasata (erdialdea, Pontika, Galtzaraborda eta Beraun), eta Pasai Antxotik barrena. Hor Askekintza animalien eskubideen aldeko taldeak hartuko du lekukoa, eta Donostia aldera joango dira.
Lekukoa
Materiala. Egurra.
Egilea. Jon Tomao.
Azalpena. Hazi batetik ernatzen diren kimuak irudikatu ditu eskultura horretan.
Funtzionamendua. Zutabe bakoitzak bere lekukoa eramango du: lepotik zintzilika daiteke. Horrez gain, lekukoarekin batera, mezu bat eramango dute. Amaia Agirre bertsolariak idatzi du Gipuzkoakoa. Hori amaierako ekitaldian irakurriko dute.