Paco Perez Luzarreta Gernika Batailoiko kideak parte hartu du etzi batailoi horretan parte hartu zuten 24 irundarrei egingo dieten omenaldiaren aurkezpenean.
Ostiral honetan, hilak 20, Gernika Batailoian borrokatu zuten 24 irundarrei omenaldia egingo diete, Foro Irun XXI elkartearen eskutik. Bertan parte hartuko du Paco Perez Luzarreta egun bizirik dauden Gernika Bataloiko bi gudarietako batek. Irundarra da bera.
Gaur ekitaldi horren aurkezpenean izan da Perez bera, Gorka Alvarez Foro Irun XXIeko kidearekin batera. Perezek —94 urte ditu— batailoian zergatik sartu zen, eta bertan egindako ibilbidea kontatu du. Horrez gain, omenaldia begi onez ikusi duela esan du, eta horren beharra dagoela. “Gaztea izango banintz berriro errepikatuko nuke dena”, adierazi du Gernika Batailoiko kideak.
1944-45ko neguan sartu zen Gernika Batailoian, eta batik bat bere iraganagatik (senideek Espainiako Gerran Francoren aurka borrokatu zuten eta aita eta anaia nagusiak espetxean zeuden) ,”baina ez nuen mendeku gosez egin, baizik eta Europan nagusitzen ari zen faxismoari aurre egiteko”. Kepa Ordokirekin eta beste zenbaitekin jarri zen harremanetan, eta horrela hasi zen dena. Besteak beste, Pointe de Graven borrokatu zuen faxisten kontra. Parisen AEBetako profesionalek “gerra modernoan” borrokatzen formakuntza jaso zuten ibilbidearen bukaeran, baina azkenean, AEBek Francoren erregimena onartu zutenean, bakoitzak bere bideari jarraitu zion. Kontrabandoan aritu zen Perez, eta muga zeharkatzen laguntzen ere.
Omenaldia eta proiekzioa
Alvarezek antolatu duten ekintzen berri eman du. Hala, ostiralean bi ekintza egingo dituzte. Batetik, 19:30ean,
Gernika Batailoia. Askatasunaren itxaropena (1945-2015) dokumentala emango dute, Ivan Gonzalezek zuzendua, Amaia KZn. Perezek berak parte hartzen du, eta gainera, bera da istorioaren gidaria.
Proiekzioaren aurretik, Franck Dolosor dokumentalaren gidoilariak elkarrizketa bat egingo dio Perezi.
Aurretik, 18:30ean, omenaldia egingo diete 24 gudariei Gernikako Arbolaren plazan. Aitortza egiten dien plaka bat jarriko diete, eta horrez gain, txistulariak eta abesbatza batek parte hartuko dute.
Alvarezen arabera, ostiralean jarriko duten plaka behin-behinekoa da, eta Irungo Udalari eskaera egin diote, benetazko plaka bat jartzeko.
Kepa Ordoki Gernika Batailoiko buruzagia izan zen, hura ere irundarra, eta hari hori jarraituta, batailoi horretan 23 irundarrek borrokatu zutela ikusi zuen Foro Irun XXIek.
Duela hilabete inguru horiei omenaldia egin eta euren senideekin harremanetan jarri nahi zutela ezagutarazi zutenetik, beste irundar bat ere, 24.ena gehitu diote zerrendari: Carlos Igiñiz Estonba. Beratartzat zeukaten, baina irundarra dela esan diete senideek, bere bizitza guztia bertan egin baitu.
Espainiako Gerraren ondoren, Gernika Bataloiak euren lurraldera askatasuna ekartzeko helburuarekin, faxisten kontra egin zuen borroka Europan.
Paco Perez Luzarreta Gernika Batailoliko gudaria agerraldian.