Erakusketa bat, ilusioa egiteko
Roald Dahl idazle galestarraren jaiotzaren mendeurrenerako, erakusketa bikaina antolatu dute Talaia eskolako mediatekak, institutuak eta udal liburutegiak.
Magian sisnisten ez duenak ez du zertan joan hilaren 29ra arte Arma Plaza kultur eta turismo gunean bisitatu daitekeen erakusketara. Irailean 100 urte beteko dira Roald Dahl idazle galestarra jaio zenetik, eta Talaia eskolak, Talaiako mediatekak, institutuak eta Hondarribiko liburutegiak omenaldia prestatu diote, gazte literaturari eginiko ekarpen itzelagatik. Magian sinisten dutenek ondo baino hobeto dakite nor zen Roald Dahl. Besteak beste Charlie eta txokolate-lantegia eta Matilda idatzi zituen, baina istorio eder askoz gehiago bururatu zitzaizkion, eta horietako batzuk bilduta daude Arma Plazan: Behatz magikoa, Super-azeri, Sorginak, Jira, Peli eta hirurok… eta Gremlins, bere lehen liburua, 1946an idatzia. Kasualitatez hasi zen idazten, militarra zelarik abionetarekin izandako istripu baten ondoren. Osatu zenean, idatzi nahi zuela erabaki zuen. Bere istripua oraindik buruan zuela, abionetetan matxurak eragiten zituzten pertsonaiak asmatu zituen galestarrak, gremlins munstro txikiak. Carmen Gutierrez Talaiako mediatekako arduradunaren esanetan, “haurrentzako deskubrimentua izan da. Bereziki umore puntu hori gustatzen zaie, bere obra guztian azaltzen da hori, eta helduak askotan lotsagarri uzten ditu”. Liburuaren Egunetik ari dira gaia lantzen Talaian —bereziki Bordari zentroan—, eta eskolan egindako lanak bildu dituzte: Dahlen liburuen izenburuetatik abiatuta asmatutako kontakizunak, bere liburuetan oinarritutako maketak, liburuetako pertsonaiez mozorrotzeko arropak, norberaren argazkia egiteko panelak… Ezer ez zaio falta erakusketari. Arma Plazan harrituta daude erakusketaren arrakastarekin, batez ere, askok errepikatzen dutelako. “Haur asko gurasoekin itzuli dira, erakusketa eskolarekin ikusi eta gero”, nabarmendu du Gutierrezek. Haurrak bakarrik ez, turistak ere ari dira Roald Dahl. 100 urte erakusketaz gozatzen, eta liburutegira asko izan dira galestarraren liburuen bila joan zaizkienak. Informazio gehiago: