"Drama asko dago han"
Emekiren kanpainaren barruan boluntarioekin izan da Hitzako kazetaria Grezian, bildutako arropa ondo banatzen zela bermatu eta kanpalekuetako egoeraren berri bertatik bertara emateko
«Errefuxiatuek euren herrialdeetara itzuli nahi dute, hori besterik ez» «Errefuxiatuez hitz egiten dugu, baina ez dira, ez dute errefuxiatu estatusik»Bidaia arropa garraiatzeko kamioietako batean egin zenuen. Bidaia polita izan zen. Erabaki genuenean bermatu behar zela banaketa ondo egiten zela bi aukera planteatu ziren: bata boluntarioak bidaltzea banaketa egitera, eta bestea, bidaiaren kontaketa egitea. Hitzak bere burua eskaini zuen, eta ongi ikusi zuten bileretakoek. Bidaia bukatuta, errealitate ankerrenarekin topo. Lau egun eman genituen bidaian. Gu goiz batean iritsi ginen, eta Emekiko emakume boluntarioak arratsalde horretan. Lehenengo inpresioa oso gogorra da. Banekien nora nindoan, gutxi gorabehera, baina iristen zarenean hara, eta ikusten duzunean zein baldintzatan dauden… Zelai bat zen, garai bateko militarren aerodromo bat. Harrobi batera joan, harriak hartu eta eremu hori harriz bete ondoren, dendak muntatu. Hura zen kanpalekua. Dendak lurrik gabeko telak dira. Errefuxiatuak haizetik eta euritik babestuta daude, baina harri gainean egiten dute lo. Batzuk alfonbrak zituzten, baina euria egiten duenez, ura denden barrura sartzen da, eta dena busti… Gu iritsi eta lehenengo egunean ekaitza bota zuen. Lehen unetik harremana oso estua izan zen errefuxiatuekin, eta hori oso polita izan zen, baina ekaitza hasi, dena urpean geratu… Oso polita eta oso gogorra. Ordu gutxitan sentsazio asko, eta lotara joaterako, lur jota. Katsikasen dauden hamar errefuxiatuetatik lau haurrak dira. Nola bizi dira kanpalekuetan? Katsikas kanpaleku berezia da, berria da, sortua da, baina handia da ere. Kudeatzea ez da erraza. Ez dago erakunde handirik. Bakarrik boluntarioak daude. Olvidados elkartekoak joan ziren hara lehenengo. Madrilgo auzo pobreetan lanean aritzen den elkarte bat da Olvidados, eta Kiosetik joan ziren hara, hango udalak laguntza eskatu zuelako. Beraiek izan ziren iristen lehenengoak, eta ondoren joan diren besteak, banaka edo taldeka iritsi direnak, asko beraien bitartez joan dira, gu ere, Zaporeakekoekin harremana zutelako. Herrixka bat muntatzen ari dira, zerbitzuak antolatuz. Eskola bat sortu da gurasoen laguntzarekin, haurrak bainatzeko eremu bat, emakumeentzako hamman bainua, jolastokia… boluntarioek kudeatzen dute dena, eta errefuxiatuen laguntza behar dute. Horregatik harremana oso estua da uneoro, batez ere, haurrekin. Haurrek ez dute beste ezer egiteko, eta denbora guztian boluntarioekin daude. Beti zaude haurrez inguratuta. 430 haur daude Katsikasen. Eta baiezta daiteke horietako asko gurasorik gabe daudela? Lehenengo egunean esan zidaten bazegoela neska bat ez zeukana gurasorik, baina Olvidadoseko arduradunak esan zidan berak ez zekiela hori egia ote zen. Laugarren egunean neska bat kotxeko maletategian sartu zitzaigun. Gero gogoratu nintzen lehenengo egunean ere kamioien inguruan ibili zela. Baina laugarren egun horretan, saiatu nintzenean maletategitik bera ateratzen, asko kostatu zitzaidan. Gehienez 8 urte izango zituen, eta ezin izan nuen atera, sekulako indarra egiten zuen. Hondarribiko emakumeei ama deitzen hasi zen, eta niri aita, gaztelaniaz. Lortu genuen ateratzea, utzi genuen bazterrean, eta negarrez geratu zen, baina geldirik, zaratarik atera gabe. Orduan jabetu nintzen hura zela gurasorik gabe zegoen neska. Gogoan dut egun hartan, lotarako apartamentura gindoazela, ordu erdiko bidaia horretan, apenas hitz egin genuela. Umezurtz bakarra da Katsikasen; baina drama asko daude. Familia asko banandu dira. Adibidez, han badago emakume bat zortzi haur dituena. Hantxe bostekin bizi zen, beste bat Austriara bidali zuten aurretik, eta beraiek joatekoak zirenean, bidea moztu zuten. Emakume horrek hilabete pasatu zuen han dutxatu gabe, eta negarrez. Azkenean, Katsikaseko emakume bat joan zen hara, eta bere etxera eraman zituen familiakoak. Emakume horrek han zituen bost seme, beste bat Austrian, eta beste bi Sirian, aitarekin. Antzeko drama asko daude han. Europako beste tokiren batean aita edo anaia dutenak. Beraiek, printzipioz, bidaia hasi zutenean erraza zuten, itsasoz bidea eginez gero, senideekin elkartu eta kitto. Legalki hori egin dezakete, askok senitartekoak dituztelako Europan bizitzen. Errefuxiatuez hitz egiten dugu, baina ez dira, ez dute errefuxiatu estatusik ere, ez zaie onartzen. Ikusitakoak ikusita, zer iritzi duzu erakundeen paperaz? Interes ekonomiko batzuk dituzte, eta horiei jarraituz gerrak sortu eta itzaltzen dira. Beren esku dago gerrak gelditzea. Errefuxiatuek euren herrialdetara itzuli nahi dute, hori besterik ez. Itzuli eta beren herria berreraiki. Hori egin ezin duten bitartean, beste bizi baldintza batzuetan bizi behar dute, familiekin, errefuxiatu bezala, beste garai batzuetan beste batzuek egin duten bezala, Europan izan diren gerretatik ihes egin zutenek bezala.
«Hemezortzi familia ekarri nahi ditugu»
Arropa ondo banatzen zela bermatzera joan zineten Katsikasera, baina han ikusitakoak ikusita, motxila bete lan itzuli zarete. Emekiko emakumeak indartsu daude eta zerbait gehiago egin nahi dute. Erabaki dugu bultzatzea eta elkartuko gara elkartu behar dugun guztiekin, Gipuzkoara etorri behar diren hemezortzi familia ekartzeko. Bere garaian kuota batzuk ezarri ziren, kuota erabat murritzak, baina hor daude. Gipuzkoara hemezortzi familia etorri behar dira, eta badakigu, adibidez, Hondarribiko aterpean, lekua beraientzat erreserbatuta dagoela. Are gehiago, aterpera joan nahi duenak ezin du, erreserbatuta dagoelako errefuxiatuentzako, baina ez dira ekartzen. Kontraesan hori ezin da onartu. Nola egingo duzue lan familia horiek hona ekartzeko? Guk ezagutu ditugu Europara etorri nahi duten 250 familia, eta horietatik asko prest daude hona etortzeko. Badaude oso kasu berezi batzuk, adibidez, garun paralisia duen 5 urteko haur baten kasua. Gurasoekin bizi da han, eta bi anai-arrebekin. Gaixotasuna du, baina ez du ezta diagnosi bat ere. Ezin dute tratatu, eta ezin du dendatik atera. Katsikasen ez du aukerarik, lurra harrizkoa delako, eta ez duelako aulki bat ere. Denda urez beteta, eta haurra barruan une oro, ezin dutelako bertatik atera.«Erabaki dugu bultzatzea… hemezortzi familia ekartzeko» «Badaude kasu oso bereziak, adibidez, garun-paralisia duen 5 urteko haur batena» «… orain bueltako bidaia egin nahi dugu, Greziatik Hondarribira»Hondarribian, aterpetxean tokia erreserbatuta dute, Hondarribian aldundiak badu zentro bat tratamendu horietan espezializatua. Ez dakit zer gehiago behar den. Katsikasen zerrenda bat eskatu dugu, beharrezkoa delako familiek eskatzea etorri nahi dutela. Zerrenda eskatuta dago eta osatzen ari dira, eta horrekin joango gara behar den lekura, aldundira, Jaurlaritzara… Jo duzue ateren bat jada? Urrats batzuk egin dira, baina, aurrerago zehaztuko ditugu horiek. Orain komunikabideetara jotzen ari gara, eta gure aldetik borroka horretan jarraituko dugula argi dugu. Tokiko erakundeei zer eskatzen diezue? Bidaia berri honetan bidelagun izateko, besterik ez. Guk Hondarribitik Greziara abentura egin genuen, eta orain bueltako bidaia egin nahi dugu, Greziatik Hondarribira, eta bidelagunak nahi ditugu. Gure erraztasun guztiak, gure esperientzia… gure aldetik behar duten guztia izango dute hemezortzi familia horiek ekartzeko Gipuzkoara. Eta jendarteari, eragile sozialei, norbanakoei, zer esango zenieke? Hondarribira jende asko etorri zen laguntza ematera inguruko herrietatik. Hondarribiak lezio bat eman zuen, baina ez bakarrik Hondarribiak, Oarsoaldeak, Bidasoak, Donostiak… Iruñeatik ere jendea etorri zen. Adi egotea eskatzen diegu, kanpainak sortzen ari dira, eta ez dago norberaren herrian kanpaina bat sortu beharrik, laguntzeko. Guk ez dugu ia ezer egin. Goxatu dugu pixka bat bidaia hori, baina hor dago drama. Gure borroka berri honetan, eta errefuxiatuen eskaeren borroka horretan, adi egon, eta lagundu dezatela ahal duten moduan. Borroka asko daude, bai, baina ez dago esan beharrik kasu honetan laguntzea ezinbestekoa dela.