Gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonei zuzenduriko CardiOK programaren barruan kokatzen da.
Aramendi doktorea, CardiOK egitasmoan parte hartzen duen paziente batekin.
Hondarribiko Udaleko Kirol eta Gizarte Zerbitzuen departamentuek antolatuta, Josetxo Aramendi doktoreak hitzaldia emango du bihar, asteartez, Kasino Zaharrean.
CardiOK programaren barruko hitzaldia da eta 17:30ean hasiko da.
Gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonentzat banan-banako jarduera fisikoaren programa da CardiOK. “Programaren bidez jarduera fisiko kontrolatua egiten da —azaldu du udalak—, hau da, norberari egokitutako ariketak, eta sendagilearen kontrolpean; programa honen helburua aldizkako klaudikazioa, gaixotasun koronarioa, ictus-a, eta hipertentsioa bezalako gaixotasunak dituzten pazienteei laguntza eskaintzea da”.
Gaixo bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua egiten duenez, CardiOK programan parte hartzen dutenek hobekuntza nabaria izaten dutela nabarmendu du udalak: “Bihotzekoa edo bularreko angina izan badute, heriotza-arriskua murriztu egiten dute %15 eta %24ko proportzioan, eta bihotz-gutxiegitasuna baldin badute larrialdietara gutxiagotan joan behar dute”
Halaber, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua txikitu egiten da, hala nola, tentsio arteriala, kolesterola edo diabetesa. Horretaz guztiaz mintzatuko da Aramendi doktorea Kasino Zaharrean.