Eslovakian lortu du sailkapena, Europako Txapelketan. Riorako sailkatzeaz gain, brontzezko domina lortu du Ander Elosegi irundarrak.
Ander Elosegi, neguan, Irungo San Migel eremuan entrenatzen
Hirugarrenez olinpiar jokoetan parte hartuko du Ander Elosegi piraguista irundarrak. Asteburuan Liptovski Mikulasen (Eslovakia) egin den Europako Slalom Txapelketako C-1 modalitateko finalerdietan seigarren geratu zen larunbat goizean, finalerako sailkatuz eta Riorako txartela lortuz. Horrekin konforme ez eta arratsaldeko finalean urteko emaitzarik onena eskuratu zuen, brontzeko domina jantziz.
Riora joan ahal izateko aukera bakarra zuen Elosegik, Europako Txapelketan maila ematea, eta ez du hutsik egin. Sailkapena lortu ez ezik, beste domina lortu du apalategirako, Liptovskiko finalean jaitsiera bikaina eginez. Bi ate ukitu arren —zigorrik gabe bigarren denbora onena egingo zukeen—, hirugarren postua lortu zuen. Bere aurretik bi eslovakiar sailkatu ziren, Alexander Slafkovsky eta Michal Martikan, hau da, Liptovskiko kanalean entrenatzen ohi ez den lehen piraguista izan zen Elosegi finalean.
Behar zuenean eman du maila Elosegik.
Xabi Taberna hondarribiarrak entrenatzen duen piraguista Londresko jokoak bukatu eta hurrengo egunean hasi zen Riorako bidea prestatzen, eta helburua bete du. Hirugarrenez izango da olinpiko, eta aurten ere, dominen bila joateko asmoa du —Pekinen eta Londresen laugarren geratu zen—. Eslovakian denboraldiko emaitza onena lortu du Ander Elosegi irundarrak eta jokoetan berarengandik edozer espero daitekeela erakutsi du.
Europako Slalom Txapelketa. C-1eko finaleko emaitzak
- Alexander Slafkovsky (Eslovakia). 99.87 (zigorrik gabe)
- Michal Martikan (Eslovakia). 101.66 (4 segundoko zigorra)
- Ander Elosegi. 102.56 (4 seg.)
- Denis Gargaud (Frantzia). 104.03 (4 seg.).
- Matej Benus (Eslovakia). 111.56 (4 seg.)
- Franz Anton (Alemania). 112.28 (2 seg.)
- Grzegorz Hedwig (Polonia). 116.58 (12 seg.)
- Pierre-Antoine Tillard (Frantzia). 121.90 (4 seg.)
- Aleksandr Lipatov (Errusia). 158.41 (54 seg.)
- Sideris Tasiadis (Alemania). 158.42 (56 seg.)