Bihar izango da Irun Rock Ficoban, baina gaur herriko zenbait tabernetan doako kontzertuak izango dira.
Has dadila ikuskizuna! Ficoba prest dago, bihar, gaur-gaurko indie musika eskaintzeko (18:00etan hasiko da jaialdia). Aurten lehen aldiz, jaialdi denboraldia ixtetik irekitzera pasako da
Irun Rock. Triangulo de Amor Bizarro taldea da kartel buru; galiziarrek
Salve Discordia diskoa aurkeztuko dute. Aurreko lanek bezala, azkenak ere oso kritika onak jaso ditu, eta orain, Irunen ikustea falta da. Zuzenekoan ere maila bikaina ematen dute.
Oholtzara igoko diren beste taldeen artean asko etxekoak dira. Joe la Reina donostiarrek eta Rural Zombies zestoarrek ustekabekoa eman dute azken urteetan. Biek ala biek lan bikaina egin zuten euren lehen diskoetan, eta gero zuzenekoetan biribildu dute. Aspaldiko partez, gainera, Rural Zombies Gipuzkoan ariko da. Iaz Havoc donostiarrak ezin izan zuen Irun Rocken parte hartu, baina aurten ez du hutsik egingo.
Bartzelonako The Saurs taldea ere azken urteetan beste sorpresatako bat izan da, eta energiaz beteko du oholtza. Stay da beste talde katalana eta rock psikodelikoan aritzen da. Azkenik, Estrogenuinasek doinu ganberroagoak ekarriko ditu Irun Rockera.
Gaur, doan
Irun Rockera joateko sarrerak
Interneten daude salgai, 15 euroan. Bihar ere erosteko aukera izango da, 20 euroan. Edonola ere, gaur, hainbat kontzertu izango dira Irun Rocken barruan, doan, hainbat tabernetan: Rubio (19:00etan, El Muron), Oso fan (20:00etan, Bohemian-en) eta Howdy (21:00etan, Sargian). Azkenik, 23:00etatik aurrera, Irun Rockeko taldeen abestiak jarriko dituzte Orrua tabernan.

Triangulo de Amor Bizarrok Salve discordia diskoa aurkeztuko du.