Hegazkin istripu-simulazioa egin dute Letxunborro hiribidean.
Hildako bat eta hainbat zauritu izan dira abioneta istripu-simulazioan
Hegazkin istripu-simulazioa egin dute Letxunborro hiribidean. Hondarribiko aireportutik aireratu den abioneta batek ezinbesteko lurreratzea egin behar izan duela irudikatu dute, horrelakorik gertatuko balitz emergentziako zerbitzuek nola jokatu beharko luketen entseatzeko.
Abioneta baten ordez, furgoneta bat erabili dute simulaziorako, auto baten gainean kokatu dutelarik. Hildako bat —abionetako gidaria—, eta hainbat zauritu izan dira istripu-simulazioan: abionetako kopilotoa, autoan zihoazen lau pertsona, eta oinezko bat.
Besteak beste, Bidasoko eta Donostiako suhiltzaileek, Ertzaintzak, Osakidetzak eta Donostiako Easo politeknikoko zenbait ikaslek hartu dute parte gaurko ekitaldian. Hondarribiko aireportuan urtero burutzen dituzte istripu simulazioak, baina lehen aldiz izan da aireportutik kanpora egin dutela.