Untxi hazkuntzari buruzko sinposioa egingo dute Itsas Etxean
Euskal Herriko Kunikultore Federazioak eta Espainiako Kunikultura Elkarteak kunikulturako Espainiako estatuko 41. sinposioa antolatu dute Hondarribian.
Euskal Herriko Kunikultore Federazioak eta Espainiako Kunikultura Elkarteak (Asescu) antolatuta, untxi hazkuntzari buruzko Espainiako estatuko 41. sinposioa egingo dute ostegun eta ostiralean Itsas Etxean. Untxien haragi eta produktuak baliatzeko prozesua da kunikultura. Maria Serrano Udaleko Merkataritza eta Turismo zinegotziak esan duenez, “gure helburua, Itsas Etxea Auditoriuma eta Kultur Etxea, kultur ekitaldietarako erabiltzeaz gain, kongresu desberdinetarako egoitza izatea da. Eraikinen funtzionaltasunean eragiten du eta horrek hirian ondorioak ekartzen ditu, kasu honetan etorriko diren ia 200 pertsonek Hondarribiko ostalaritzan eta bertako ekonomian eragina izango dutelako”. Bi egunez, Euskal Herriko kunikulturaren errealitatea azalduko dute eta arloan izan diren azken ikerketak azalduko dituzte. “Halaber topaketa gunea izatea kunikultore, teknikari, komertzial, enpresa, irakasle eta ikertzaileentzat Espainian kunikulturaren alorrak duen egoera aztertzeko eta aldi berean eszenatokia izateko”, erantsi du Hondarribiko Udalak.