Irungo Udala plan berezi bat prestatzen ari da Olaberria bailara babestea helburu duena. Horrez gain, aisia jarduerak ere bultzatu nahi ditu.
Olaberria auzoa
Urteetan gizakiaren esku hartzearen ondorioak pairatu behar izan ditu Olaberria bailarak: jarduera ez egokiak, azpiegiturak… Horrez gain, hainbat plan aurrera eramateko aukeratutako tokia izan da, nahiz eta gero aurrera ez atera. Orain, ordea, Irungo Udalak ingurune hori zaintzearen alde egin du, eta horretarako, Olaberria Babesteko Plan Berezia diseinatzen hasi da.
Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziak gogorarazi duenez, Olaberria bailara osatzen duen 600 hektareako eremuari eragingo dio planak, Olaberria, Katea eta Lapitze auzoetan banatua dagoena. «Eremu zabal hori, hain inportatea dena, babestu, zaindu eta mantendu behar dugu etorkizunera begira. Aurreko hamarkadetan nahiko tratu txarra jaso izan duen bailara izan da, eta eman diezaiogun plan honekin etorkizunera begira behar duena», adierazi du Iridoyk.
Hala ere, egun Olaberriak dituen azpiegiturak mantentzera behartuak daudela esan du Hirigintza zinegotziak, eta tentsio maila altuko elektrizitate azpiegiturak, San Antonetik Irun-Hondarribira ura eramateko azpiegiturak, Elordioko azpiegitura eta errepidea aipatu ditu. Etorkizunean etor daitezkeenei begira ere, horiekin zer gertatzen den ikusi beharra dagoela adierazi du, baina edonola ere, «erronka Olaberriaren natura altxorrarekin bat egitea da».
Olaberria ondare balio handiko ingurua da: natura (errekak, basoak) baserriak, nekazaritza jarduerak… Hori guztia zaindu nahi du udalak, baina era berean, herritarrek horretaz guztiaz gozatzeko aukera edukitzea nahi du. «Naturarekin lotuta egon daitezkeen jarduerak bultzatu nahi ditugu, baina aisia eta naturaren errespetuaren arteko oreka bilatu behar dugu», zehaztu du Iridoyk. Oraindik ez dago ezer lotuta, baina oinezko edo bizikletentzako bideak izan daitezkeela aipatu du.
Bailara guztiaren %2, Urune eta Epele artean kokatuta daudenak, urbanizagarri gisa kalifikatu ditu udalak. Bi toki horietan, ordea, ez du edozein jarduera aurrera eramaterik nahi, eta irizpide batzuk markatu ditu: lehen sektoreari lotuta egongo diren jarduerak bakarrik eraman ahal izango dira aurrera, natura, nekazaritza, basogintza… Horiekin zerikusirik ez duten jarduerak badira egun, baina horiek atera egin beharko direla azaldu du udal ordezkariak. Horretarako, epe bat egongo da «dena aurrera eramateko denbora eta baliabideak beharko dira, eta adostasun puntuetara iritsi beharko da eragileekin».
Egun Olaberrian dauden inguru degradatuenak dira Urune eta Epele. Urunen, esaterako, Montero enpresa zegoenean egiten ziren jarduera desegokien ondorioz, orduz geroztik, pixa putzu bat dago. «Horri irtenbidea emateko proiektu bat egiten ari da gara. Garbiketa hori egin beharra dago», argitu du Iridoyk.
Parte hartzea
Irizpide orokor batzuk markatu ditu udalak, baina plana edukiz bete behar da, eta bide horretan, iritziak biltzen ari da, parte hartze prozesu baten bidez. Gaiarekin zerikusia izan dezaketen eragileekin (talde politikoak, baserritarrak, ekologistak, bizikleta elkarteak..) elkarrizketak egiten ari da LKS enpresa, proposamenak jasoz. Udala datorren astean bilduko da enpresarekin zer jaso duen ikusteko, «ekarpen guztiak aztertu behar dira, eta helburu horiek bilatuz, planean txertatu», esan du Iridoyk. Ondoren, dokumentu bat prestatuko du udalak, eta horri behin-behineko onespena eman beharko dio udalbatzak; udan zehar egitea aurreikusten dute. Segidan, aurkezpen publikoa egingo dute, eta alegazioak jartzeko epea irekiko da. 2017ko urte hasieran—urtarrilean izan daitekeela esan du Iridoyk— behin betiko onespena eman beharko dio udalbatzak.
«Olaberria bailara irundarrena da. Helburua da udalak markatuko dituen irizpide nagusi batzuekin hurrego urteetan zer egin nahi dugun entzutea, eta horretarako gizarteratu egin behar da». Iritzi kontrajarriak egongo direla aitortu du Iridoyk, baina garai batean izan ziren gatazken ondoren, egun adostasuna lortzeko aukera ikusten du.
Izan ere, Olaberriarako ziren planek gatazka handiak sortu izan dituzte hainbat urtetan, baina egun, ingurunea zaintzearen aldeko jarrera gailendu da. «Garai batean egun planteatzen ari garen natura babestu eta zaintzeko helburuarekin bateragarri ez ziren plan batzuk zauden: azpiegiturak, enpresak…», gogorarazi du Iridoyk, «baina hori, zorionez, ahaztu egin da». Zentzu horretan, jarrera aldaketa gizarteak eragin duela iritzi dio: «Azken urteetan gizarteak ibilbide bat egin du, eta momentu honetan sentsibilitate berezi bat dago natura eta ekologiarekiko».
Roberto Iparragirre Olaberriako auzo elkarteko kideak ere gogoan ditu garai horiek, «arazoak izan ziren zabortegia egin nahi izan zutenean edo Olaberriarako beste plan batzuk zituztenean». Oraindik ere ondorioak begibistakoak direla esan du, eta pixa putzua aipatu du: «Montero itxi zuten, ez da mantenurik egin, eta hor geratu da dena. Zikinkeria, arratoiak eta beste gauzarik ez dago hor».
Garai bateko mamu guztiak uxatu direla iritzi dio, «eta orain, Olaberriako natura eremua zaindu behar da; gure ustez, nahikoa hormigoi eta eraikuntza badaukagu inguruan». Iparragirreren arabera, auzo elkarteak ez du udalarekin bilera formalik egin, eta ez du jakinarazpenik jaso ere. Edonola ere, badituzte ideiak, «oinezkoentzako bideak, parkeak, eta mahaiak jarri beharko lirateke familiek erabil ditzaten».
Edukia dena delakoa izanda, planak araudi bat markatuko du, eta horren garrantzia nabarmendu du Iridoyk: «Egingo den guztiak irizpide horien barruan egon beharko du».
Oposizioko taldeek ere egin dizkiote proposamenak LKS enpresari
LKS enpresak hainbat eragileren iritziak bildu ditu Olaberria bailarako plan berezirako dituzten proposamenak jasoz, eta horien artean talde politikoak daude. EH Bildu eta PPk dagoeneko euren asmoen berri eman dute. SPIk, oraingoz, ez du gai honen gaineko proposamenik jakinarazi, baina hauteskunde programan bailara babestearen alde agertu zen.
EH Bilduk lehentasun gisa jo du bailara babestea, eta horretarako, ildo nagusia, egungo ingurune naturala mantentzea eta galdu dena berreskuratzea dela adierazi du: «Irun inguratzen duen gerriko natural horrek balio berezia duten beste hainbat espazio fisiko ditu, eta babes berezia eskainiko dien plan bat behar dugu». Horri lotuta, egun dauden hainbat egitura eta egiten diren hainbat jarduera bailaratik ateratzea ezinbestekoa dela iritzi dio.
Mantendu eta berreskuratu behar diren elementuen artean aipatu ditu errekak eta lur azpiko urak, fauna eta flora, mendi muino eta magalak… «korridore ekologiko eta biologiko izaera mantendu eta berreskuratzea ezinbestekoa da», zehaztu du EH Bilduk. Horrez gain, auzoen artean mugak, baserriak, dorreak, iturriak, zubiak, bide publikoak eta Done Jakue galtzada mantentzea beharrezkotzat jotzen du.
Haatik, bailaratik kanpo egon behar dutela uste du Montero, Barraka, ESNAL eta Construcciones Dunboaren jarduerek, argindar dorreek eta ehiza dorreek, besteak beste. Horrez gain, zabortegi izan diren lurrak edo Monteroko putzuak kendu eta lehengoratu behar direla adierazi du. Etorkizunean iritsi daitezkeen hainbat azpiegituren aurrean, berriz, AHT adibidez, horiek zerrendatu eta debekatu beharko liratekeela gaineratu du, «bailarak behar duen babesa gauzatzeko».
Aurrera eraman daitezkeen jadueren artean, eta Olaberriak izan duen iragana ikusita, lehen sektoreari lotuak egotea proposatu du. Egingarri diren ekintzen artean aipatu ditu nekazaritza eskola edo agroaldea bezalako proiektuak. Olaberria Irunek duen altxorretako bat dela gogorarazi du, eta hori herritarrek ezagutu eta gozatu behar dutela. Sor daitekeen aisia azpiegiturak izan daitezke oinezko eta bizikletentzako ibilbideak, merenderoak edo erakusketa guneak, koalizioaren arabera.
Iritzi kontrajarriak
EH Bilduk lur publikoen erabilera publikoa berreskuratzea beharrezkotzat jo du. PPk, ordea, alderantzizko jarrera hartu du gai horretan, eta administrazioak interes pribatuetan ahalik eta gutxien sartu behar duela adierazi du. «Nahikoa izan dute legezko jabeek Hiri Ordenantza Plan Orokorrarekin. Bertan zer ezin duten egin esaten diete, eta orain bakarrik falta da zer egin behar duten esatea», adierazi du Juana Bengoetxea PPko bozeramaileak. Zentzu horretan, laguntza eskaini behar zaiela iritzi dio, eta komeni dela elkarrizketetan euren iritzia ere kontuan hartzea.
Lehen sektorearen jarduerak aurrera eramatearen alde azaldu da PP ere, baina nahikoa errentagarri izateko bideak eskaini behar direla esan du. Horretarako, Behemendi eta Mondragon Unibertsitatearen parte hartzea balia daitekeela proposatu du. Bailararen etorkizuna, eremua mantentzen duten pertsonek nahikoa jarduera ekonomikoa izatearen baitan dagoela gaineratu du. Hala, Urune eta Epele guneetan «eskola, fakultate edo lehen sektorearen dinamizazioa bultzatuko duen irakaskuntza zentro bat» egin daitezkeela iritzi dio.
Edonola ere, PPk onartu du egun bailaran dauden zenbait enpresak, lehen sektorearekin harremanik ez dutenak —«oso gutxi dira»—, atera beharko direla, «behar duten konpentsazio ekonomikoarekin eta epe batzuen barruan».
Olaberriako errepide nagusian lanak egiteko eskatu du PPk, «gaizki dago, eta zabalduko ez den arren, hobetu beharra da». Aldundiarekin harremanetan jartzeko eskatu dio udalari.
Lur jausiak saihesteko lanak hasi dira
Olaberriako errepidea
Otsailean izan ziren euriteen eraginez, lur jausiak izan ziren Olaberriako errepidean beste behin, eta hainbat egunez itxita egon zen. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak egiten hasi da lur jausi berriak egon ez daitezen. Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziaren arabera, horma bat jartzea aurreikusten da. Obra horiek bizpahiru hilabete iraungo dutela ere jakinarazi du.