Aro modernoko hirugarren Hondarribiko Herri Olinpiadak bukatuko dira bihar. Probak alde batera utzita, bazkari olinpikoaren txanda izango da, aho zapore gozoarekin bukatzeko.
Bihar ez dute proba fisikorik egingo.
Hondarribiko olinpiar suaren garrek azken orduak dituzte. Herriko kuadrillek bihar itzaliko dute, era sinbolikoan bada ere, olinpiar sua. Aro modernoko herri olinpiaden hirugarren ekitaldia bukatuko da.
Hala ere, ohi bezala, jai giroan ospatuko dute olinpiar jokoen zortzigarren eta azkeneko jardunaldia.
Mitxel Arzak da biharko egitarauaren antolakuntzan dabilenetako bat. (Ia) egun osorako plana prestatu dute. Gogorarazi duenez, 12:30ean hasiko da jardunaldia. Herri olinpiadetan parte hartu duten 27 taldeak deitu dituzte bertara. Argazki erraldoia egingo dute, eta ondoren —eguraldi ona egiten badu— Zumardira jaitsiko dira denak elkarrekin.
Aurten, lehen aldiz, bazkariaren aurretik ez dute jokorik egingo. Izan ere, egunak luze jo dezake, eta gainera, antolakuntza lanak pila daitezkeelakoan, ez egitea erabaki dute.
Horrela, herri olinpiadetan parte hartu duten taldeek zein kanpoko eragileek hartuko dute parte bazkariaren prestaketan. Arzakek azaldu du: “Bazkaria denen artean dago antolatuta. Sei elkarte gastronomikorekin hitz egin dugu. Boluntario aurkeztu dira, guri laguntzeko. Horietatik hiruk beren kabuz egingo dute bazkaria, eta gainontzeko hiru elkarteetan taldekideek prestatuko dute bazkaria”. Menuari dagokionez, sarrera batzuk egongo dira, eta ondoren bigarren plater indartsu bat jateko aukera egongo da. Bigarren plater hori da elkarteetan egingo dena.
Sukaldean jo eta fuego aritzen ez diren taldeak, baina, ez dira
eskakeoan ariko: janaria zerbitzatu beharko dute, edo kafea eta ogia banatu, edo mahaiak jaso… Denentzako egongo da.
Sariak eta musika
Bazkarian 250 lagun inguru elkartuko dira, iazkoen erdia. Izan ere, ikasleak azterketa garaian murgilduta daudela eta, parte hartzea txikiagoa izatea horrekin arrazoitu daitekeela esan du Arzakek.
Egongo direnek, baina, asetu ondoren izango dute zerekin gozatu. Sari banaketa egingo dute, eta Elektropatxarangak giroa alaituko du. Ondoren, afaltzeko ordua iritsi arte, Dj Aristirena izango da musikaren ordua. Marmoka taldeak hartuko du txanda, eta, bukatzeko, 23:00etatik 01:30era arte, dantzaldia egongo da. Talde horiek guztiak musu-truk —edo jan eta edari truk—ariko direla jakinarazi du Arzakek.
Berritasunekin, pozik
Aurreko urteko herri olinpiadetan egon ez ziren bi proba egin dituzte hirugarren ekitaldian. Indartsu hasten dira olinpiadak, indartsu bukatu, eta tarteko probetan —salbuespenik bada ere— ere parte hartze polita egon ohi da.
Alde batetik, paella jate olinpikoa egon da. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak antolatutako jokoek aro zaharra duten bezala, Hondarribikoek ere badute aitzindaririk. Sokrates, Platon eta enparauen garaitik zein Peloponesotik etorri gabe, 1990eko hamarkadan sei taldetan ibili ziren beteranoekin batera
paelleren bueltan aritu ziren garaikideak arroza prestatzen. Jardunaldi haren antolakuntza lanetan egon ez zen arren, parte hartu zuen Arzakek: “Giro oso ona egon zen. Beteranoak, gainera, oso gustura egon ziren, eta aitzakia bezala erabili zuten kuadrilla elkartzeko”. Ez ziren bazkaltzera mugatu: arratsalde pasa egin zuten, herri kantuen doinuek lagunduta.
Bigarren berritasuna, berriz, dekatloia izan da. Asterixek baino bi proba gutxiago egin zituzten duela bi aste. Alde batetik, duatloia egin zuten, txirrindarekin eta korrika. Gainontzeko proba guztiak kiroldegiko pistetan egin zituzten.
“Aurreko probetan ongi pasatzea da ardatza”, gogorarazi du Arzakek. “Dekatloian ere, baina lehiakortasun puntu bat eman genion. Jendea motibazio handiarekin aritu zen, eta egon zen pikerik”, gaineratu du. Uretako proba egiteko asmoa zuten hasiera batean, baina bertan behera utzi zuten, baimen gehiegi eskatu behar direlako.
Laugarren ekitaldia ortzimugan dutela, bihar erreko dute hirugarren ekitaldiko azkeneko kartutxoa. Ajea pasatuta, laugarren ekitaldian pentsatzen hasiko dira Hondarribiko kuadrillak. Bitartean, udaran, garrantzia txikiko olinpiar jokoak egingo dituzte. Horiek, baina, urruti geratuko zaizkie bikingoei: Rio de Janeiron izango dira.