Pertsona bakoitzak bere drama ekarri du motxilan Katsikasera, imajina ezinezkoa.
Militarrek catering zerbitzua dute, baina iheslariek boluntarioen janaria nahiago dute
Ostiral gauean itzuliko dira Hondarribira Lurdes Retegi, Edurne Nogeras, Marije Zapirain, Izaskun Eizagirre, Maite Garcia eta Mari Jose Aseginolaza. Herri ekimen eder baten enbaxadore gisa etorri ziren Katsikasera, eta ez dira etorri ziren bezala bueltatuko. Inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bizitzen ari dira, eta barnean eramango dute beti. “Egoera hain zaila izanda, ez nuen uste horrelako alaitasunik aurkituko nukeenik”, aitortu du Retegik.
Martxotik Hondarribian bildutako arropa banatzera etorri dira, eta hasi dira banatzen, baina ez dira hori bakarrik egiten ari. Eskolan lagundu dute, dozenaka haurren lagun egin dira, eta eskolako kantak irakatsi dizkiete. Ze eromena globoak atera dituztenean! Scooby doo eskumuturrekoak egiten ere ikasi dute ume errefuxiatuek haiekin. “Goiza oso polita izan da, arratsaldea estresanteagoa”, erantsi du Retegik. Gaur ere leher eginda bukatu du honarribiarrak, beste bost herrikideek bezala.
Egi biribila da etorri aurretik esan zigutena, Katsikasen egun bat hilabete bezalakoa dela. Bihar arropa gehiago banatuko dute hondarribiarrek, goiz eta arratsaldez, baina afaria banatzeko eta baby-hammamean laguntzeko izena eman dute, txandaka. Jaioberriak bainatzeko zonaldea da, Olvidados erakundeak sortu duena. Hondarribiarrek ez dute Katsikas ahaztuko, baina hemengoek ere luzez gogoan izango dute bi kamioi, sei emakume eta kazetari bat bidali zien herriaren izena.
Jaioberri asko daude Katsikasen, eta hemendik gutxira gehiago izango dira, berrogeita hamar emakume haurdun daudelako. Ez da bidezkoa gerratik ihes egin duen ama batek harrizko infernu honetan hazi behar izatea bere umeak. Haurrek irribarre egiten dutenean ahaztu egiten zaizu nola bizi diren, baina muturreko egoeran bizi dira, eta edozein unetan irribar guztiak itzali daitezke.
Bart gauean gertakari larria izan zen palestinar eta siriar batzuren artean eta gaur jende gutxiagok egingo du lo Katsikasen. Pertsona bakoitzak bere drama du barnean, imajina ezinezkoa.
Herenegun neskatila batek kamioian Euskal Herrira ekartzeko eskatu zigun, bera bakarrik, ez ziola beste inori esango. Zortzi urte izango zituen gehienez. Gaur maleteroan sartzen saiatu da. Negarrez geratu da, eta bihotza puskatu zaigu berriro.
Familiaz familia banatu dute arropa hondarribiarrek