Uretako jarduerak proposatzen ditu Hondarribiko Water Joy enpresak. Inguruan ez dagoen eskaintza du adin eta gustu ezberdinetako jendearentzat.
Nola gozatu itsasoaz? Ziur, hainbat eta hainbat modu etortzen zaizkizuela burura. Bada Hondarribiko Water Joyn ere badaukate galdera horren erantzuna. Horregatik, itsasoan egiteko zenbait jarduera proposatzen dituzte, inguruan topatu ezin daitezkeen ekintzekin.
Joseba Andres, Telmo Busca eta Gaizka Tijero hondarribiarrek jarri dute martxan Water Joy enpresa, eta uretako jarduerak eramaten dituzte aurrera. Bidea hasi besterik ez du egin proiektuak, Aste Santuan hasi baitziren ekintzak egiten. Ideia bati tiraka hasi ziren, beraiek buruan zituzten jarduerarik ez Hondarribian ezta inguruan ere ez zegoela ikusita, eta herrian turismoa hazten ari dela kontuan hartuta: «Hasiera batean, motorren ibilaldiak egitea zen asmo bakarra. Hemen, Jaizkibelen, badakigu zein altxor daukagun, eta oso zaila da oinez edo autoz hurbiltzea. Pentsatu genuen motorrez beste ikuspuntu batetik begiratuta, itsasotik, Jaizkibelez goza daitekeela. Ipar Euskal Herriko kostaldea ere oso polita da», azaldu du Tijerok.
Ibilbideak
Lau ibilbide proposatu dituzte: Hondarribia-Biosnar lurmuturra (ordubetekoa), Hondarribia-Donostia edo Pasaia (bi ordukoa), Hondarribia-Donibane Lohizune (ordubetekoa) eta Hondarribia-Miarritze (bi ordukoa). Hiru motor dituzte, eta bakoitzean bi pertsona joan daitezke. Erabiltzaileak motorrean joaten dira, eta gida batek laguntzen die euren ibilaldian. Bidean, itsasargiak, kalak… ikusten dituzte, eta era berean, gidak babes modura funtzionatzen du. Edonola ere, ez dela motorrean ibiltzen jakin behar jakinarazi du Tijerok. «Etortzen direnen %90a ez da inoiz ibili. 10 minutuz azalpen bat ematen diegu erabiltzaileei, eta gero, gure atzetik joaten dira. Gurekin joanez gero, ez da karnetik behar: 16 urtetik gora edukitzea da motorra gidatzeko baldintza bakarra».
Uretako motorrak zituztela baliatuz, eskaintza zabaltzeko bideak aztertzen hasi ziren, eta dagoeneko beste lau jarduera ere eskaintzen dituzte: banana boat, flyboard, uretako eskia eta wakeboard. Banana boat motorrari lotuta joaten den donuts moduko puzgarri bat da. Gainean, lau lagun joaten dira, eta olatuen gainean ibiltzen dira, eta tarteka, uretara erortzen dira. Flyboarda zerbait berria da; uretan presioa eginez hegan egiten duen taula bat da, «sentsazio ezberdinak probatzen dituzu, eta probatzeko modukoa da», adierazi du Water Joyko kideak. Wakeboard uretako eskien antzeko jarduera bat da, baina eskien gainean beharrean, taula baten gainean doa erabiltzailea. «Iruditzen zitzaigun horrela gustu gehiagotara zabaltzeko aukera genuela», gaineratu du Tijerok.
Hilabete pasatxo honetan toki askotako jendea hurbildu da Water Joyra: Bilbo, Irura eta Hernanitik etorritakoak, gazte zein helduak, despedidetakoak, taldeak… «Ez dago adinik jarduera horiek egiteko», zehaztu du Tijerok. Oraindik, ordea, uretako motorra eta flyboarda besterik ez dituzte martxan jarri; gainontzekoak probatzeko udara arte itxaron beharko da. Hilabete barru-edo martxan jartzea espero dute, tenperaturak igotzen hasten direnean. «Oraindik jendeak ez dauka uretako txipa, txamarra jantzita dabil». Gainera, ordurako turistak etortzen hasiko direla espero dute.
Orain arte probatu dutenak oso gustura ibili direla adierazi du Tijerok: «Oso ondo pasatu dute, berriro bueltatuko direla esan digute. Hori da guretzat onena».
Water Joy Hondarribia