Gaur iritsi gara Katsikasera eta kanpalekua ezagutzeko aukera izan dugu. Bihotza puskatu zaigu, eta haurrek lagundu digute
Iritsi gara kanpalekura, eta iritsi bezain pronto puskatu zaigu bihotza. Txaloka hartu gaituzte haurrek, laguntzera datorkien guztiekin egiten duten bezala. Haurrak dira gutxien dutenak Katsikasen, baina ez dute irribarrea galtzen. “Irri egiten ez duena, gaixorik dagoelako da”, esan digu Olga Argos Olvidados gobernuz kanpoko erakundeko koordinatzaileak. Haurrek lagundu digute bihotz puskak jasotzen.
Laguntzeko eskatu dit Olgak, kanpalekuko familia batzuekin hitz egin behar zuela. Lagundu diot, eta militarrek eremua muntatu zutenetik boluntarioek egin dutena erakutsi dit. Haurrak bainatzeko lekua, eskola, edozkitze zentroa, sukaldea… Gaur ginekologia gunea inauguratu dute.
Hemen asko maite dute Olga, eta haurrak eta emakumeak hurbiltzen zaizkio agurtzeko, eta eskakizunak egiteko, batez ere dendan aurkitu ez duten zerbait. Arropa banatzen dute dendan boluntarioek; denda esaten diote baina ez dute kobratzen. Denek ez dute bilatzen duten hori aurkitzen. Zenbait eskaera jaso ditugu biharko, boluntarioak iristen direnean asetzen saiatuko garenak.
Siriarrak dira gehienak Katsikasen, baina kurduak, irakiarrak eta afganiarrak ere daude. Neskatila afganiar bat hurbildu zait voleibol baloi batekin jolasean. Berarekin jolasten aritu naiz, Olgak asuntu bat konpontzen zuen bitartean. Telefonoz esan zidan Katsikaseko egun bat, hilabete bezalakoa dela. Niretzat lehen ordua izan da hilabete bat.
Negarrik ezin da egin kanpalekuan, uren gainezka jartzen delako. Baina bazkalostean ekaitza hasi da, eta luze iraungo du.
Bazkalostean euria hasi da kanpalekuan eta ez du geratzeko asmorik