Hemezortzi orduko itsas bidaia eta gero, Igoumenitsatik, ordu eta erdira izango dugu Katsikasko kanpalekua.
Hemezortzi ordu ferryan eman eta gero, Grezian gara
Hiru ospakizun elkartu zitzaizkigun atzo Anconako portuan, ferryaren zain ginela. Amaren eguna, langileena, eta ortodoxoen Pazko igandea. Kultura asko aurkitu daitezke Anconan eta errumaniar ugari bizi da bertan, Errumaniako produktuen dena daukatelarik. Hala, nire bidaikideek erosketak egiteko baliatu zuten goiza, eta haien herrialdeko bazkari tradizionala prestatu zuten, ortodoxoen Pazko igandea ospatzeko.
Bazkaltzeko, kamioitik pale batzuk jaitsi eta mahai bat inprobisatu genuen aparkalekuan. Mahai handia zen, baina Gheorgeren emazteak hainbeste plater prestatu zituen, ez zela tokitik mahain denerako. Hasteko, salam de vara, ona rosi, toba, eta rosi. Ondoren, salato de ceapo si rosi, mici, cirnat de porc eta icre de peste. Postrerako, cozonac cu muca si rahat. Eta edateko, horinca de prune bazkaldu aurretik, ardoa bazkarirako -Arabako Errioxakoa-, eta visinata, digestivo bezala. Itzela bazkaria.
Ferryan sartzea baino dezente gehiago kostatu zitzaigun txartelak erostea, gure aurretik zain inor ez eduki arren. Sinistuta gaude gurekin hainbat tasa berri asmatu zituztela, garraio “humanitarioa” generamala adierazi arren. Eskerrak daramagun kargaren herena deklaratu genuela!
Ferryan, bateriak kargatzeko aprobetxatu genuen, elektronikoak eta besteak. Bi konpainia dira Anconatik Greziarako itsas bidaia eskaintzen dutena eta Greziako konpainiarekin bidaiatuz gero behintzat -bestea italiarra da, baina ez da Igoumenitsara joaten-, Interneteko konexioa oso txarra da barkuan, ezpada kaxatik pasatuta. Oinarrizko preziotik kanpora zerbitzuak kobratzeko gaitasun handiko konpainia da, eta ordenagailuari atseden ematea erabaki genuen, etsita. Gaur goizean ere saiatu gara, baina lurra hartu eta gerorako uztea erabaki dugu, Interneteko seinalea berreskuratzen dugunerako.
Goizeko hamarrak aldera -bederatziak Euskal Herrian- iritsi da ferrya Igoumenitsara. Ordu eta erdira dugu Katsikas, eta urduri gaude. Olvidados gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarriko gara orain, iristen garenean kamioiak sartzeko aukera ote dugun galdetzeko. Bestela bihar goizean egingo dugu, boluntarioak iristen direnean.
Seiak aldera abiatu dira sei emakumeak Bilbotik eta dagoeneko Amsterdamen egongo dira, Atenaserako hegaldiaren zain. Gero beste bat hartu beharko dute Ioanninara joateko. Gaueko hamarretan iritsiko dira Epiroko hiriburura, eta bertan egingo dute lo, apartamentu batean. Zazpi kilometro daude Ioanninatik Katsikasera. Astearte goizean ikusiko dugu elkar.