Ekainaren 12an, milaka lagun bildu nahi ditu Gure Esku Dagok, Eskuen Egunean.
Erabakitzeko eskubidearen bidean, pixkanaka urratsak ematen ari da Bidasoko Gure Esku Dago, eta helmuga 2018an jarrita dauka. Ibilbide horretan, Bidasoan erabakitzeko eskubidea defendatzen duten herritarrak asko direla erakutsi nahi du, eta ekainean islatuko da hori.
Ekintza nagusia ekainaren 12an (igandea) egingo dute, eta Eskuen Eguna deitu diote. Milaka lagun bildu nahi dituzte, Hendaia eta Hondarribiko espigoietan, eta handik Irun alderantz abiatuko dira. 10:00etan egin dute deialdia, eta 12:00etan elkartuko dira Irunen (oraindik tokia ez dago zehaztuta). Bukaeran hautestontzi erraldoi bat eraikiko dute guztien eskuak erabiliz. Argazki erraldoia aterako dute, eta musika, giro ederra eta sorpresak izango direla iragarri dute.
Aurretik, ekainaren 4ean, erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak ezagutaraziko dituzte Irun eta Hondarribian. Hainbat ekitaldi izango dira herri bakoitzean, baina batik bat Hondarribikoak garrantzia berezia izango duela aurreratu dute.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako herritarrei iniziatiba horietan parte hartzeko deialdia luzatu diete. Kamiseta laranjarekin eta elkarri eskua emateko animoarekin joateko eskatu diete: “Erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratikoarekin bat egiten dugun guztiok lekua dugu bertan, eta guztiok gara beharrezko”.
Datorren ekaina garrantzitsua izango da Euskal Herriko estatus politikoa erabakitzeko eskubidearentzat eta Gure Esku Dago dinamikarentzat, hainbat herri galdeketa egingo direlako Goierrin, Diman, Ispasterren, Debagoienan, Azpeitian, besteak beste.
Itziar Gomez (Irun), Mikel Mariskal (Hondarribia) eta Ihintza Ostolaza (Hendaia) Bidasoko Gure Esku Dagoren agerraldian.