Hondarribian arropa biltzen hasi zirenean oraindik ez zegoen kanpalekurik Katsikasen.
Gaur iritsi behar dugu Anconara, igandetan ezin delako kamioiez ibili Italian
Martxoa erdialdean ekin zioten Hondarribian Greziako errefuxiatuentzako arropa biltzeari. Ordurako baziren beste kanpaina batzuk Euskal Herrian zehar, Siria, Afganistan, Irak eta gerran dauden beste herrialdeetatik ihesi Greziara iristen ari direnentzat askotariko materiala jasotzeko helburu berarekin. Intxaurrondoko gastronomia elkarteak, esaterako, Zaporeak Grezia proiektua abian zuen Kiosen. Irlara iristen zirenentzat otorduak prestatzeko sukalde bat muntatu zuten donostiarrek Kiosen, eta, beraien bitartez, Hondarribian zegoen kezketako bat argitu zitekeen, hots, bazen aukera bat bermatzeko bilduko zen arropa bere helburura iritsiko zela.
Baina bilketa hasi eta egun gutxira gauzak asko okertu ziren irletan, batez ere Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko hitzarmen ekonomikoa indarrean jarri zenean. Kanporatzeak hasi baino lehen, Greziako gobernuak Kiosetik penintsulara joateko ferryetako mugak ezabatu zituen, eta egun gutxitan irla hustu zen. Horrez gain, lehen kanporatzeekin batera, protestaldiak hasi ziren, errefuxiatuen egoera asko zailduz. Baina, gainera, laguntza bidalitzeko aukera ere korapilatu zen, hainbat portu blokeatu zituztelako, besteak beste, Atenasko Pireo, Kiosera doazen ferryen abiapuntua.
Gauzak horrela, Emeki beste aukera batzuk aztertzen hasi zen, irletan nahiz penintsulan, are gehiago, arropa errefuxiatuen beste ibilbide batzuetara bidaltzea ere planteatu zuten Emekikoek, hala nola, Calaisko pasabidera. Egunetik egunera egoera aldatzen zen, eta inork ez zekien kamioiek zein egunetan eta nora abiatu beharko zuten, ez gidariek, ez arropa banatuko zuten boluntarioek – ez zuten hegaldia erretserbatzeko aukerarik-, ezta kanpainaren jarraipena egiten ari zen eta kamioietan bidaia egingo zuen Oarso Bidasoko HITZAko kazetariak ere.
Tunelaren beste aldean argia ikusi zen arte, egun urduriak izan ziren Emekiko presidente Leire Miguezentzat nahiz berarekin Hondarribiko emakume elkarteko batzarrekoek osaturiko konklabearentzat. Baina iritsi zen egun hori, argia ikusi zenekoa. Katsikaseko kanpalekua sortu eta gutxira izan zen.
Kanpaleku berria zen Katsikas-Ioannina, penintsulan zegoen, Albaniaranzko norabidea hartzen zuten iheslarien bidean. Katsikasera iristen ari ziren iheslarien egoera hain larria zen, ezen Kiosen lanean zegoen Olvidados erakundeko kideek bertara mugitu behar izan baitzuten. Munduko laguntza guztia behar zuten Katsikasen, baita Hondarribian bildutako arropa ere.
Hortaz, Emekik bazuen nora bidali arropa, boluntarioek non banatu, kamiolariek nora joan, eta garrantzitsuena, zirkulua ixteko aukera izango zuen Hondarribiak, gerratik ihesi Europara iristen ari direnen amesgaiztoa gozatzeko saiakera eder bati, merezitako bukaera emateko modua.
Hilaren 28ko gauean atera ziren bi kamioiak Lezoko Echemar enpresatik. Astelehen arratsaldean iritsiko dira Katsikasera, Anconatik Igoumenitsara ferryan Adriatiko itsasoa zeharkatu eta gero. Baina, hori, biharkoa izango da, eta bihar kontatuko dugu.