Gheorge eta Marius dira arropa eramango duten bi kamioietako gidariak. Lezoko Echemar enpresak jarri ditu bi kamioiak eta bidaiaren gastuak ordainduko du.
Atzo Kosta Urdina zeharkatu eta gero, Italia zeharkatuko dugu gaur Anconaraino
Bi kamioi eta bi gidari jarri ditu Lezoko Echemar garraio enpresak Hondarribitik Greziara errefuxiatuentzako arropa bidaltzeko. Batean Gheorge doa gidari, eta Iura emaztea darama bidaikide. Bestean, Marius Pertici, Gheorgeren iloba, eta ondoan Oarso Bidasoko HITZAko kazetaria, seinalea joaten ez zaionean bidaiaren kronika eginez.
Hondarribiko emakumeak garraio enpresetara laguntza bila joan zirenean, Josema Etxarrik ez zuen bitan pentsatu. “Bi alaba ditut, 4 eta 7 urtekoak, eta aita naizen heinean ez dut imajinatu nahi ihesean dabiltzan haurren egoera zein den. Emekiren kanpainaren berri izan genuenean, Hondarribian egiten ari zirena oso polita iruditu zitzaidan, eta laguntzea erabaki genuen”.
Kamioiak jarri eta bidaiaren gastuak ordainduko ditu Echemar enpresak -10.000 euro inguru ordainduko du Echemarrek, 5.000 euro kamioi bakoitzeko-, baina hasieratik baldintza bat jarri zuen, “gure kamioak jarriko genituen, baina banaketa egokia egingo zen leku batera bidaltzeko, banaketa bermatzea nahi genuen, bidean ez geratzea”.
Etxarriren kezka bakarrik ez. Errefuxiatuentzako arropa bilketa antolatzea erabaki zutenetik, bildutakoa nola bidali izan zen Emekik deituriko bilera irekietan behin baino gehiagotan atera zen gaietako bat. Argi zuten denek, modu batera edo bestera, kanpainaren gardentasuna bermatu behar zela, azken euroraino justifikatu, eta bildutakoaren jarraipena egin, banaketaraino bertaraino.
Horregatik, gardentasuna bermatze aldera eta arropa jartzen zutenek iritsiko dela eta ondo banatuko dela jakin dezaten, sei emakume hondarribia boluntariok bidaiatuko dute astelehenean Greziara, kamioiak iritsiko diren egunean. Eta hori ere, kontatuko du Hondarribiko HITZAk.