23 irundarrek parte hartu zuten Gernika Batailoian, eta orain, Foro Irun XXIen eskutik omenaldia jasoko dute. Euren senideekin harremanetan jarri nahi dute.
Irunek eta Gernika Batailoiak askok pentsatzen dutena baino lotura handiagoa daukate. Hain zuzen, hori deskubritu zuen joan den urtean Foro Irun XXI elkarteak, Gernikan bertan, batailoiari eta bertan borrokatu zuten gudariei egindako omenaldian. Hasteko, bizirik dauden Gernika Batailoiko bi gudarietako bat, irundarra da: Paco Perez Luzarreta. Horrez gain, Gernika Batailoiaren komandantea ere irundarra zen:?Kepa Ordoki. Guztira, 23 irundarrek borrokatu zuten Europa faxismotik askatzearen alde, Gernika Batailoian.
Omenaldiaren egunean, Gernika Batailoiaren gudari izan ziren guztien izen-abizenekin plaka bat jarri zuten, eta bi irundar horien presentziak bultzatuta gehiago baziren aztertzen hasi ziren Foru Irun XXIeko kideak, eta 23 irundarren izenak topatu dituzte. “Gure herrian ere horren berri ematea beharrezkoa zela pentsatu genuen. Memoria historikoa ez da asko lantzen eta hutsune hori ikusita zerbait egin behar genuela pentsatu genuen”, jakinarazi du Gorka Alvarezek, Foro Irun XXIeko kideak. Hala, maiatzaren 20rako omenaldi bat prestatu dute. Egun horretan bertan, arratsaldez (oraindik ordua ez dago zehaztuta) Gernika Batailoia. Askatasunaren itxaropena (1945-2015) dokumentala emango dute Amaia KZn, eta bertan parte hartuko du Paco Perez Luzarretak ere, Alvarezek aurreratu duenez. Hain zuzen, bera da dokumentalaren protagonistetako bat. Horrekin batera, Gernikako Arbolaren Plazan, omenaldi bat egiteko asmoa dute. “Guretzat miresgarria da 23 irundar, 1936ko gerra bukatu eta gero, Europan, batez ere Frantzian, faxismoaren kontra borrokatzea. Miresgarria da, eta uste dugu 2016ko irundarrek ere jakin beharrekoa dela”.
Omenaldiaren harira, gudarien senideekin harremanetan jarri nahi dute, irundar horiek gehiago ezagutzeko. Orain arte, sei familiarekin hitz egitea lortu dute, baina guztiengana iritsi nahi dute. Horretarako,
Foro Irun XXIen helbidera idatzi daiteke, edo Irungo Karrika Nagusia 11an duten bulegotik pasatu.
Askatasunaren alde borrokatu zuen batailoia
1936ko gerra galduta, milaka euskal herritarrek ihes egin zuten erbestera. Handik gutxira, ordea, beste gerra bat lehertu zen: II. Mundu Gerra. Testuinguru horretan, Agirre lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak Gernika Batailoia antolatu zuen errepublikanoekin, ezkertiarrekin… “Ikusi zuten faxismoaren kontra borroka eginez gero, aliatuek lagunduko zietela Franco boteretik kendu eta demokrazia eta askatasuna Euskal Herrira ekartzen”, azaldu du Foro Irun XXIek Gorka Alvarezek. Frantziari lagundu zioten nazietatik askatzen, baina gerra ostean, amets guztiak pikutara joan ziren. “Pacok [Perez Luzarreta] esan bezala, oso frustrantea izan zen, gudan borrokatu eta gero, zure herria diktadurapean ikustea”.
Francisco Perez Luzarreta 1936ko Gerra Zibilean Gernika Bataloiko gudaria. Argazkia: Jon Urbe/ Argazki Press