Haurrak dira behar handienak dituztenak Katsikasen. Hamar iheslaritik lau haurrak dira bertan.
Ioannina hiritik gertu dagoen Katsikas kanpalekuan banatuko da Hondarribian Emeki elkarteak bildu duen arropa. Ioannina Greziako ipar mendebaldean dago eta Albaniarekin muga egiten duen Epirus eskualdeko hiri handiena -112.000 biztanle ditu- eta hiriburua da. Ioannina hiriaren hegoaldean dago Katsikas, sei-zazpi kilometrora, izen bereko herrian. 2.500 biztanle ditu herriak, eta Pamvotida udalerriko hiriburua da.
Hondarribian trailer eta erdi bete dira arropaz, eta irten aurretik kamioiak betetzeko erosketak egin dituzte, kanpainan jasotako diruarekin. Katsikasen lanean ari den Olvidados gobernuz kanpoko erakundearen gomendioak jarraituz, biserak eta eguzkitako kremak erosi dituzte, eguerdiko beroarekin haurrak erretzen ari direlako. Katsikasen dauden hamar errefuxiatuetatik lau dira haurrak. Eta haurrak dira behar handiena dutenak Katsikasen.
Duela hilabete antolatu zuen Greziako gobernuak eremua, militarren garai bateko aerodromo batean. Militarrek beraiek zaintzen dute kanpalekua, eta Olvidados bezalako erakundeek beraiekin-besteak beste- borrokatu behar dute zerbait lortu behar duten aldir0.
Baldintza txarrenetan dagoen kanpalekuetako bat da Katsikakoa
Irlatik penintsulara
Katsikara joan aurretik Kios irlan ari zen Olvidados boluntario lanak egiten, gerratik ihesi Europara itsasoz iristen ari diren iheslariei laguntza emanez. Olga Argos Olvidadosek Grezian duen koordinatzailea da, eta HITZAri kontatu dionez, duela hilabete Katsikasko udalaren deia jaso zuten, muntatzen ari ziren kanpalekurako laguntza behar zutela esanez. Deiari erantzunez, furgoneta bat alokatu, Kiosen zutena atzean utzi eta penintsularako bidea hartu zuten gobernuz kanpoko erakundeko zazpi kideak. Kiosen bizipen gogorrak izan zituzten, baina ez zuten pentsatu ere egin Katsikasko egoera aurkitu zuten bezain gogorra izango zenik.
“Iritsi ginenean euria ari zuen -azaldu du Argosek-, hotza, eta han zebiltzan errefuxiatuak goitik behera bustita, oinutsik, kanpalekua urez gainezka, lotarako lekurik ez…”. Gerora azaldu zioten kanpalekua egokitzeko zelai bat harriz estali zutela, eta zolurik gabeko dendak muntatu zituztela bertan. Katsikasera iritsi ziren uneaz oroitzen denean ahotsa aldatzen zaio emakumeari: “Ez ginen negar egitera etorri, lanera baizik, baina lehen egunak hala pasatu genituen, denbora tarte bat hartu eta izkinetara joan negar egitera”. Udala [Katsikasekoa] lotsatuta zegoen egoera hartan zegoen kanpalekurako laguntza eskatu zigutelako, baina etsita zeuden, eta horregatik deitu ziguten”.
Hilabetean denetarik egin du Olvidadosek Katsikasen. “Mila pertsona inguru daude hemen, herrixka bat, eta herrixka horren azpiegitura osoa prestatu behar da”, erantsi du Argosek. Haurrak bainatzeko bainerak prestatu dituzte, arropa garbitzeko leku bat egokitu, Siriako menuarekin sukalde bat antolatzen lagundu… Baina asko da falta dena, eta arazo batzurentzako soluzio errazik ez dago. Lurrean, harrien gainean egiten dute lo iheslariek, eta gorputza oinazetuta dutela esan du Argosek; mediku zerbitzua egunean lau orduz dute bakarrik. “Orain arte hotza zen arazo handienetako bat, orain beroa hasi da, nahiz eta gauez hozten duen, eta beroarekin sugeak azaltzen hasi dira metro pasatxokoak. Hasi gara haurrei biberoietan esnea ematen, baina esneak sugeak erakartzen ditu”.
Pixkanaka-pixkanaka laguntza iristen ari zaie Katsikasera, baina denbora asko kentzen die iristen zaiena hori antolatzen, “nahikoa lan dugu hemen etengabe, eta iristen zaiguna antolatu behar dugu”, kexu da Olvidadoseko arduraduna. Horregatik, Hondarribikoa “salbuespena” dela dio, “arropa jada sailkatua dakarte, boluntarioak datoz banaketa egiteko, lotarako lekua hartuta, eta kazetari bat dena kontatzeko, ez da normala. Etorri zaizkigu boluntarioak ezer gabe, etxea bilatu behar izan diegu, oheak lortu…”.
Astelehen gauean iritsiko dira boluntarioak Ioanninako aireportura, goizean Loiun hegazkina hartu eta Amsterdamen eta Atenasen eskala egin eta gero. Asteartean hurbilduko dira Katsikasera eta hasiko dira banaketa antolatzen. Lau egun emango ditzute bertan lanean eta, Olvidadoseko kideak ziurtatu duenez, “ez dira aspertuko, egun bat hemen, hilabete bezalakoa delako”.