Hondarribia Arraun Elkarteak aulki mugikorreko denboraldiko hirugarren titulua lortu du, Gipuzkoako Txapelketa.
Neguan distantzia luzeko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi eta gero, larunbatean udaberriko aulki mugikorreko zortziko seniorren (8+SM) Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Hondarribia Arraun Elkarteak Orion.
Lau minutu, 36 segundo eta 12 ehuneneko denbora egin zuten hondarribiarrek ibilbidea osatzeko, etxeko taldeak baino 2 segundo eta 75 ehunenen gutxiago. Hondarribiak bigarren ontzia ere aurkeztu zuen, eta brontzezko dominarekin itzuli zen herrira (5.00.24).
Honako arraunlariek osatu zuten txapeldunen eskifaia: Beñat Egiazu, Manex Alday, Julen Castrillon, Iñaki Gonzalez, Meltxor Amunarriz, Borja Oiarzabal, Iñigo Sagarzazu, Jon Muguruza eta Iker de la Linde, lemazain bezala.
Hondarribia Arraun Elkarteko bi eskifaiak. Txapeldunak ezkerrean, txapela jantzita
Laugarrenaren bila, Legutionora
Gipuzkoako Ligako 8. jardunaldiarekin batera egin zen zortziko seniorren Gipuzkoako Txapelketa. Aulki mugikorreko nagusien zortzikoan aritzen diren arraunlari gehienek traineruan bogatzen dute udan, eta kirolariek traineruen denboraldia prestatzeko aukera izan dezaten aurreratzen dira 8+SM modalitateko txapelketak.
Orion erakutsiriko nagusitasuna maiatzaren 8an Legutianon berretsi nahiko dute berdeek, Euskadiko Txapelketan. Bizkaiko talde indartsuak sartuko dira lehian Legutianon. Senior Mailako zortzikoetako kideentzat aulki mugikorreko denboraldiko azken proba izango da, aurrerantzean traineruari begira jarriko baitira.