Hurrengo urtean Asobal ligan egon nahi du Bidasoak, baina egutegi zaila dauka aurretik.
Lau jardunaldi falta dira txapelketa bukatzeko, eta Bidasoak duen guztia eman beharko du hurrengo urtean Asobal ligan egon nahi badu. Hasteko, asteburu honetako etxeko lanak ondo egin ditu Bidasoak Alcobendasi etxetik kanpo erraz irabazita, 20-32. Garaipen honek joan den asteko huts egiteaz ahazteko balio behar du talde irundarrarentzat, puntu bat galdu baitzuen etxean sailkapeneko azkenaren kontra, Academia Octavio.
Igoeraren bidean, matematikak eta egutegia kontra ditu Irungo taldeak, baina amestea posible da. Hasteko, igoera zuzena ziurtatuko dion lehen postuaren bila joan behar dute. Zaila izango da lidergoa Valladolidi kentzea, batetik, lau puntura dagoelako, eta bestetik, sasoi onean dagoelako: jardunaldi honetan ere bere nagusitasuna erakutsi du La Rocari 36-20 irabazita.
Aukera horrek ihes egiten badu, play off-aren bidea dago. Zentzu horretan, bigarren postuaren alde borrokatu behar dute Fernando Bolearen mutilek, eta hor arerio zuzena Palma del Rio du, bi puntura baitu sailkapenean. Asteburu honetan huts egin du azken horrek Bartzelonaren aurka, eta errenta hori baliatu behar dute irundarrek. Geratzen diren lau partidak, gainera, ez dira samurrak izango, batez ere, azken biak: etxean liderra, Valladolid, jasoko du azken aurreko jardunaldian, eta azken partida, Zamoraren etxean jokatuko du (egun laugarren dago sailkapenean).
Hurrengo jardunaldian Covadonga jasoko du etxean, eta Valladoliden kontrako partidaren aurretik, Ciudad Realera bidaiatu beharko du.
Bidasoa eskubaloi taldea.