Gaur zortzi aterako dira kamioiak Greziarantz eta herritarrek irteerako unea jarraitu ahal izatea nahi du Emeki elkarteak.
Datorren ostiralean, hilak 29, aterako da errefuxiatuentzako arropa Hondarribitik. Bi kamioi handi aterako dira, Echemar garraio enpresako bi trailer, eta herritarrek aukera izango dute irteerako unea bertatik bertara jarraitzeko. Oraindik zehaztu gabe dago zein ordutan eta nondik aterako diren, baina Emeki elkarteak irteera publikoa izatea nahi du,
herritarrek kanpainari eman dioten erantzuna eskertzeko.
Ia bi kamioi bete dira Emekik errefuxiatuentzako kanpainan jasotako arropekin —betetzeko falta zen lekua Intxaurrondoko Zaporeak elkarteari utzi zaio, janaria bidali dezan—, eta emakume elkarteak 12.282 euro bildu ditu SOS Errefuxiatuak izenarekin irekitako kontu korrontean. Diru guztia arropa erosteko erabiliko da; dagoeneko zati bat gastatu dute barruko arropak erosten eta Hondarribitik aterako diren kamioietan bidaliko dute, bildutako beste materialarekin batera.
Oraindik ukitu ez duten dirua Grezian gastatzea aztertzen ari da Emeki,
Katsikasera bidaiatuko duten boluntarioek Grezian bertan erostea errefuxiatuek behar dutena. Horrela, azken uneko beharrak ezagutzeko aukera hobea izango litzateke, eta gainera, Greziako komertzioei zuzenean erosiko litzaieke. Hala, batetik, krisia bortizki pairatzen ari diren greziarrei lagundu nahi die elkarteak, eta errefuxiatuekin lehen unetik izan duten jarrera eredugarria eskertu.
Katsikas-Ioannina kanpalekura eramango da arropa eta boluntarioek banatuko dute, Olvidados GKEaren laguntzarekin