Gorka Cepedak sukaldaritza tailerra eman du Itsas Etxeko elkartean. Bihar Portura itzuliko da azoka, ezustekoarekin.
Gorka Cepeda, Itsas Etxeko elkarteko tailerrean
Arroka Berri jatetxeko Gorka Cepeda sukaldariak gastronomia tailerra eman zuen atzo Itsas Etxeko elkartean, Hondarribiko Bertako Produktuen Astearen barruan. Bezperan, Damarriko azokan izan zen Cepeda erosketak egiten, tailerrerako tokiko eta sasoiko produktuak erabili nahi zituelako. Hala, Herriko baratzetako produktuak bertoko arrantzaleek arrantzatutako antxuekin eta lupiarekin uztartu zituen Arroka Berrikoak.
Igandean bukatuko da Hondarribiko Bertako Produktuen Astea, beste sukaldaritza tailer batekin. Baina oraingoan ekoizle batek eskainiko du, ez sukaldari batek. Josune Zamoraren Mattenea baserrian izango da tailerra, arratsaldez. Hondarribian zigilu ekologikoa duten bi ekoizletako bat da Zamora. Gainera,
EHKoletiboko kidea ere da Matteneakoa, hau da, ekologikoa lantzeaz gain harago joaten da, besteak beste, bere jarduerak tokiko ekoizpena, ingumenarekiko errespetua, eta gizarte baldintza duinak oinarri gisa hartzen dituelako.
Matteneako tailerrean izena eman nahi duenak, Zamorarekin jarri behar du harremanetan, 605 74 22 75 telefono zenbakira deituz.
Tokiko produktuen kontsumoa bultzatu eta lehen sektoreari bultzada eman nahi dio Bertako Produktuen Asteak, eta gaur bertan (ostirala) helburu bera duen mahai inguru bat egingo dute Kultur Etxean,
Lehen sektoreko negozio ideiak goiburuarekin. 17:30ean hasiko da eta denentzat irekia da.
Eta bihar, asteko ekitaldi jendetsuena espero da Portuan, goizez. Batetik, larunbateko azoka itzuliko da, baina tokiz mugitua; Arrantzale Auzoan egingo dute, 08:00etatik 13:00etara. Eta bestetik, azokaren barruan, 11:00etatik aurrera Sukaldarien Showa egingo dute eta bertaratzen direnek tokiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dute. Batzokiko Iñaki Gezala eta Gran Soleko Mikel Muñoz izango dira sukaldariak, eta, erosketak azokan bertan egin ondoren, jendearen aurrean kozinatuko dute. Gainera, Gezalak eta Muñozek egiten ari direnaren kontakizuna egingo dute; bi sukaldariak ezagututa, showa bermatuta egongo da bihar.