Herritarrek merkataritza eta zerbitzuetara hurbiltzeagatik nahitaez ordaindu behar dutela salatu du.
Bentako aparkalekuko erdialdea auzotarrentzat erretserbatu du udalak
Portua auzoko obren ondoren aparkalekuen inguruan Hondarribiko Udalak ezarritako neurrien kontra azaldu da Abotsanitz alderdia, eta auzoan TAO sistema “errekaudaziorako zerga gisa ezarrita” dagoela kritikatu du: “Aparkalekuak nabarmenki murriztu dira, autoen espazio eskasia gehituz eta beharrak handituz”.
Abotsanitzek salatu du herritarrek nahitaez ordaindu behar dutela Portuko merkataritza eta zerbitzuetara hurbiltzeagatik: “Santiago eta San Pedroko zirkulazio arau berriak guztiz baldintzatzen du autoz hurbildu daitekeen herritarra”, erantsi du.
Oposizioko lehen taldearen arabera, aparkatzeko lekuak murriztuz, Donostia kaleko lur azpiko aparkalekuaren beharra justifikatu nahi du udalak: “Bentako aparkalekuan auzotarrentzako auto-plazak eskeintzen duen bitartean, udalaren asmoa aparkalekua desagertaraztea da, ondorioak planifikatuz eta Donostia kaleko aparkalekuaren beharra areagotuz”.
Horregatik guztiagatik, hainbat neurri porposatu ditu Abotsanitzek. Batetik, doako epe-muga bat ezartzea Portuan, “bertako merkataritza eta zerbitzu guneetara autoz iristeko aukera erraztuz”. Bestetik, auzo osoa errotazio gunea izatea, “TAO egunak murriztuz”. Eta azkenik, Santiago eta San Pedro kaleetako zirkulazioa libre izatea lanegun goizetan.
Horrez gain, “trafikoa kontrolatzeko aitzakiarekin” udala herrian zehar kokatzen ari den kamera kopurua murrizteko eskaera egin dio oposizioko lehen taldeak udal gobernuari.