Bigarren itzulian hamalau puntu pilatu dituzte, lehen itzulikoan lortutakoen bikoitza.
Euskal Ligako azken aurreko partidan etxeko lanak egin zituen Il Capo Hondarribia Eskubaloia taldeak eta 26-20 irabazi zion Ordiziako Siglo XX taldeari. Horrenbestez, eta atzetik segika zetorkion Tolosak galdu zuenez, ia ziur hamargarren postuan bukatuko dute hondarribiarrek liga (
ikusi sailkapena).
Azken partidan postu bat hobetzeko aukera du Il Capo Hondarribiak, baina horretarako Urdulizen irabazi behar dute —zazpigarren dira bizkaitarrak—, eta bederatzigarrenak, Escolapiosek Tolosan kontra galdu beharko luke. Zaila dirudi.
Azken jardunaldian galduta ere, lehen itzuliko zenbakiak dezente hobetuko ditu Javi de la Hazaren taldeak. Lehen itzulia postu bat atzetik bukatu zuten, 11., baina 7 punturekin bakarrik. Hau da, hamahirugarren jardunaldia azken postutik 4 puntura eta azkenaurrekotik 3ra bukatu zuten hondarribiarrek. Bigarren itzulian, aldiz, puntu kopurua bikoiztu egin dute, 14 pilatuz, eta lasaitasun eremuan lekua hartuz.
Lehen itzuliko zenbakiak txukundu ditu Hondarribiak bigarrenean
Txapelduna erabakitzeke
Gauza asko daude zehazteke azken jardunaldian, hjorien artean liga zeinentzat izango den. Larunbatean Basaurik Arrasate liderraren etxean irabazi zuen gol bakarrez (25-26), eta lehen postuan jarri da. Ligan bi partida baino ez dituzte bikaitarrek galdu —lehen itzulian Arrasateren kontra eta bigarrenean Hondarribian—, eta txapela eskuetan dute.
Hori bai, azken jardunaldian Arrasatek egiten duena berdindu beharko dute gutxienez, averagea gipuzkoarren aldekoa baita. Bizkaitarrek hirugarrenaren kontra jokatuko dute etxean, eta Arrasatek bosgarrenaren aurka, baina kanpoan.